Eszenak
METeko denboraldi berriko lau operak zuzenean ikusi ahalko dira Biarritzetik
GARA | DONOSTIA
New Yorkeko Metropolitan Opera House-n eskaintzen diren operak ikusteko aurten ere ez da ezinbestekoa izango Ipar Ameriketara bidaiatzea. Iaz izandako arrakasta dela-eta, denboraldi berriko lau lanak pantaila handi batean ikusi ahalko dira Biarritzeko Gare du Midi aretoan. Egitasmoak gero eta harrera hobea du, eta emanaldiok munduko hogei hiriburutan aldi berean ikusteko aukera dago, publiko zabal bat bilduz.
METen bertan ikusten diren ohiko edukiez gain, beste batzuetara heltzeko aukera du publikoak; hala nola bastidoreko irudiak, jantzien gaineko lana edota makillajea nola burutzen duen ezagutu ahalko da. Bihar 19.00etan izango da lehen emanaldia, Giacomo Pucciniren «La Rondine» lana izango da ikusgai, Angela Gheorghiu eta Roberto Alagna antzezle direla. Hurrengo hileetan, «Madame Butterfly», «La Somnanbula» eta «La Cenerentola» eskainiko dituzte.