GARA > Idatzia > Iritzia > Editoriala

Salbuespenaz gain, salbuespenaren isla

Mikel Iribarrenek 18 urte zituen, Iruñeko kaleetan, bi metrotara zuen polizia batek ke-potoa jaurti zionean. Polizia hark -baita berarekin zihoan patruila osoak ere- adats luze horaileko mutila lurrean etzanda konorterik gabe utzi zuen, ke-potoak gorputza erre zion arte. Hain gertutik egindako tiroaren kalteari luzaroan kea arnasten egotearen kaltea gehitu zitzaion, bere bizia arriskuan egoteraino. Urte eta erdia eman behar izan zuen osatzeko, baina ondoren hamaika ebakuntza kirurgiko egin behar izan ditu. Hasiera batean Poliziak eta Barne Ministerioak arduraduna gaztea zela esan zuten, baina bertsio ofizialaren funtsik eza agerian geratu zen hasiera-hasieratik. Ondoren, tiroaren egilea nor izan zen ezin zutela zehaztu argudiatu zuten, besterik gabe.

Ordutik hona 17 urte igaro dira eta Iribarrenek 35 urte ditu honezkero. Zauri batzuk sendatu zaizkio; beste batzuk ez. Atzo, urte hauetan guztietan epaitegiz epaitegi justizia aldarrikatuz ibili ondoren, Europan azken urrats juridiko posiblea den Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Estatu espainola Iribarrenek jazotako kalteen erantzule egin zuen, iruinsemeari 170.000 euroko kalte-ordaina ematera behartuz. Ez hori bakarrik, kasu honetan Estatuak erakutsitako ardura falta ere gogor salatu du Auzitegiak, Iribarrenek orain arte epaiketa justurik ez duela izan azalduz.

Halako kasuetan, beste askotan bezalaxe, egindako kaltea itzulezina da. Kasu zehatz honetan, justizia egitea ere ezinezkoa izan da, egilea libre eta salbu dagoelako. Barne Ministerioak eta Segurtasun Indarrek, ohi duten moduan, babes osoa eman zioten polizia hari. Babes horregatik eta justizia oztopatzeagatik izan da, hain zuzen ere, Estatua kondenatua. Ez da, ez, ez zutela erruduna topatu baizik eta, Auzitegiak argi utzi duen bezala, ez zutela bilatu. Justizia egin ez baina duintasuna itzuli dioten heinean, Iribarrenen kasua salbuespena da. Baina, batez ere, europar Estatu bateko lurralde jakin batean bizi den salbuespen egoeraren isla da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo