Binakako Txapelketa
Uranzuko hotzari aurre egin, lehiaketan bizirik segitzeko
Titin III.a-Pascual eta Olaizola I.a-Begino lehen garaipenaren bila irtengo dira gaur gauean Irungo frontoi luzean. Galtzaileari asko zailduko zaio sailkapena.
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Egungo txapeldunen aurka azken unean porrot mingarria jaso eta hiru egunera, Titin III.ak eta Pascualek beste hitzordu garrantzitsu bat dute gaur Irungo Uranzu pilotalekuan (23.00, ETB-1). Izan ere, lehen jardunaldian galdu egin zuen beste bikote baten aurka neurtuko dituzte indarrak: Olaizola I.a eta Patxi Ruizen aurka. Egia da ligaxka luzea izango dela eta gaurko galtzaileak beste sei neurketa izango dituela oraindik egoerari buelta emateko, baina finalerdietarako sailkapena oso zail jarriko zaio, oraindik lehiaketa hasi baino egin ez denean.
Asteartean ikusitakoaren arabera, pentsa liteke Titin eta Pascual faborito moduan irtengo direla. Galdu egin zuten, bai, baina irudi ona emanda. Iñigo Pascual izan zen, bereziki, jendearen oniritzia jaso zuena bere lan txukunarengatik eta, ongi errekuperatu baldin bada, atzeko koadroetan zuloak ireki ditzake. Patxi Ruizek ez zuen itxura txarra eman larunbatean Labriten, baina oraindik ez dago bere mailarik onenean.
Aurreko koadroetan, berriz, bi pilotari ezberdin, nor baino nor. Titinek ez du bi aldiz pentsatuko airez sartzeko aukera duenean, nahiz eta Triciokoa ez dagoen txispa gehiegirekin. Asier Olaizola, teorian, askoz sasoi hobean dago, baina azken partidan nahikoa ilun ikusi genuen. Baina Irujo aurrean dagoenean, zaila da haren meritua eta bestearen ezina desberdintzea.
Eta, azkenik, pilotalekuak ere izango du eraginik gaurko partidan. Urtero bezala, Binakako Txapelketak bisita egingo dio aurten ere Irungo Uranzu frontoi luzeari. Luzea bakarrik ez, zabala eta hotza -egunotan are gehiago- ere bada frontoi hura, eta ez da erraza bertan jokatzea. Oroitzapen onak izango dituena Titin izango da, iaz 22-4 irabazi baitzuen Laskurainekin Koka eta Beginoren aurka. Urtarrileko bigarren asteburua zen.