GARA > Idatzia > > Ekonomia

Paueko Laborantza Ganberak «euro sinbolikoa» eskatuko dio EHLGri

Akusazio partikular gisa aurkeztu da Paueko Laborantza Ganbera EHLGren aurkako auzian. Hango presidenteak atzo berretsi zuen izenak «nahasketa» sortzen duela eta erakunde ofizialak jasan duen «kalte moralarengatik» ordainetan, «euro sinbolikoa» eskatuko diotela EHLGri.

p027_f01_148x108.jpg

GARA |

Urtarrilaren 29an Baionan Euskal Herriko Laborantza Ganberaren (EHLG) kontrako epaiketan, akusazio partikular gisa aurkeztu den Paueko Laborantza Ganberak «euro sinbolikoa» eskatuko dio, erakunde ofizialak jasan duen «kalte moralaren ordainetan». Halaxe nabarmendu zuen, atzo Hazparnen, Jean-Mixel Anxolabeherek.

Departamenduko Ganberako presidenteak adierazitakoari kasu eginez, ez dute akusazioa bertan behera uzteko inolako asmorik. EHLGren izenak «nahasketa» sortzen duela berretsi zuen atzokoan ere. Bestalde, akusazioa izateak «prozedura osoan informazio eta dosierraren ezagutza zuzena izatea» ahalbidetuko diela esan zuen.

EHLG jasotzen ari den sostenguaz galdetzean, Anxolabeherek erantzun zuen bertako «ordezkari politiko eta hautetsi asko haizea nora beraiek hara» ibiltzen direla eta horregatik ematen omen dute babesa. «Beren buruaz hitz eginarazteko» atxikimendua eman duenik ere ba omen dela gehitu zuen. Kanpotik etorritakoei buruz, berriz, «bitxia» eta «arduragabea» sumatzen du «auziarekin zerikusirik ez duten hainbat pertsonak atxikimendua adierazi izana».

Hala eta guztiz ere, Paueko Ganberako presidenteak adierazi zuen ez dutela nahi EHLG desegin dadin eta ontzat eman zuen «beraien eskumenetan lanean segitzea», betiere, izen horrekin ez bada. «Gauzak lasaitzea» espero du, «funtsezkoari heltzeko», hots, laborarien premiei begira lan egiteko.

Adierazpenok egin aitzin, 2008ko bilana eta aurtengo egitasmoak aurkeztu zituen. Iazkoa zaila izan dela nabarmenduta, aurtengorako hainbat erronka plazaratu zituen, hala nola laborariak teknikoki laguntzea, batez ere, eraikuntzari dagokionez; ekoizpen biologikoaren sarea sustatzea; ardien hazkuntza hobetzea eta laborantza ganberetako egituraketa berrikustea, departamenduetako eta eskualdeko ganberetako zenbait bitarteko batuz eta elkarren osagarri eginez.

«Sukaldarien afaria»

Bitartean, Ainhize-Monjoloseko Ganbera (EHLG) gero eta sostengu-adierazpen gehiago biltzen ari da. Azkenetakoa, Ezpeletako kantonamenduko sukaldari eta gozogileek urtarrilaren 24rako antolatutako «Sukaldarien afaria». Lurramako ereduan oinarrituz, tokiko etxe-ekoizpenez eta axuriaz egindako jakiak prestatuko dituzte gaualdirako.

LAU URTE

Urtarrilaren 17an lau urte beteko ditu EHLGk. Hori dela-eta, biltzar berezia eginen dute Ainhize-Monjolosen, eta segidan, herri-bazkaria. Izena emateko, hilaren 12a baino lehen deitu 05 59 37 18 82 telefonora.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo