Gustuko musika egunean gutxienez ordu erdiz entzuteak odol zirkulazioa hobetzen du
AEBetako Maryland-eko Unibertsitateak ikerketa bitxi baten ondorioak aurkeztu ditu. Musika entzuteak giza organismorako dituen onurak azpimarratzen ditu; ez du edozein musika motak balio, ordea.
GARA | DONOSTIA
Musikak piztiak baretzen omen ditu... eta gizakien bihotz taupaden erritmoa hobetzen du. Horixe da AEBetako Maryland-eko Unibertsitateak aurkeztu berri duen ikerketaren ondorio nagusia. Horren arabera, egunean musika gutxienez ordu erdiz entzuteak ondorio benetan onuragarriak ditu odol zirkulazioan, edozein adinetan eta epe luzera begira. Ez du, ordea, nolanahiko musikak balio. Norberak gustuko dituen abestiak izatea beharrezkoa da, eta entzutean buruan estresik sortuko ez dutenak.
Marylandeko Unibertsitateko Kardiologia Prebentiboko atal horrek dioenez, musikak giza organismoan eragiten du, zehazki, odol isurian oxido nitrikoaren segregazioan. Hala, aurrez zaintzen du odolbilduen agerpena, baita kolesterol «kaltegarri»arena ere. «Musikaren efektuak segundo gutxi batzuk bakarrik irauten ditu odolean, baina norberak gustuko dituen abestien onura mantendu egiten da eta oso positiboa izan daiteke edozein adinetako pertsonentzat» azaldu zuen Michael Miller, ikerketako arduradunak.
Millerren esanetan, ikerketaren helburua, bere pazienteen osasuna hobetzeko tratamendu merkeagoak bilatzea izan da, farmakologikoen ordez.
Ikerketak hainbat gizon-emakume aztertu zituen. Osasun egoera onean aurkitzen ziren denak, ez ziren erretzaileak, eta batez beste 36 urte zituzten. Gustuko musika entzunarazten zieten pertsona horiei, eta horien zainen diametroa %26an handitzen zela ikusi zuten ikertzaileek.
Millerrek nabarmendu zuen gakoa ez dagoela entzuten den musika motan, pertsona bakoitzean duen onarpen neurrian baizik. Hala ere, zenbait musika «estres» eragilek, zainak %6 txikitzea ekar omen dezake, «hanburgesa erraldoi bat jateak bezala». Musika mota hori rap eta heavy metal-arekin lotu dute zientzialariek.
Antzeko ikerketa bat egina zuen aurretik Brunelgo Unibertsitateak. Musikak pertsonaren umorea eta gaitasun atletikoa hobetu ditzakeela ondorioztatu zuten orduan. Red Hot Chili Peppers, Madonna, Queen edo Rihannak esaterako, %15ean hobetzen omen dute bakoitzaren erresistentzia. Gainera, esperimentuan parte hartu zuten pertsonak ez ziren ohartu ohikoa baino esfortzu handiagoa egiten ari zirela.
Gustuko musika entzuteak, odolbilduen edota kolesterol kaltegarriaren agerpena prebenitzen du, edozein adinetan eta epe luzera begira.
Red Hot Chili Peppers, Madonna, Queen edo Rihannak %15ean hobetzen dute erresistentzia atletikoa, esfortzu handiagoa egiten ari garela ia ohartu ere egin gabe.