GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Herri musikaren patua

Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria

Agintariei eta oro har boterea dutenei ez zaizkie koblakariak, bardoak, bertsolariak, juglareak, griotak gustatzen. Titiritero tunanteen arrazakoak dira guztiak. Agintariei musikariak gustatzen zaizkie. Bere izena maiuskulaz idazten duten eta haien, agintarien, dohainak edertzen dituzten musikariak, alajaina. Mozart bai eta Etxahun ez, Orkestra sinfonikoa bai eta (zeuk bete hutsunea) ................ ez. Joera hori ez da batere aldatu azken urteotan. Are gehiago, esango nuke musika herrikoiak, oraindik, aipatzearekin bakarrik, azkura eragiten diela gure agintari gehienei. Horregatik, deigarria egin zitzaidan hainbat egunkaritako lehen orrian, lehendakariak Laboa zenaren alargun eta alabari Gipuzkoako Urrezko Domina ematen zieneko argazkia topatzea. Zeren eta noiz agertzen da Euskal Herriko musikari baten izena egunkarietako lehen orrietan? Lehenik eta behin, eta hau arau nagusia da, hiltzen denean. Bai, onartu beharra daukagu «bardoak» hiltzen garenean bihurtzen garela garrantzitsu, ordura arte egindakoak beste norbaitek, beste nonbait eta beste nolabait estimatzen ditu. Baina sekula ere ez, gidari orojakileek bere saloi argitsuetan, bueno akaso epaitegietan, beste arrazoi batzuk medio. Baina hiltzen gara eta kito, orduan bai estimatuak, maitatuak, barkatuak... Espero dut, eta ez da broma, Hernanin gutxienez kale kantoiren bati nire izena jartzea, inoiz tokatutakoan.

Bigarren arrazoia nola ez, agintarien promozioa. Ez dago hauteskunde aurreko kanpainan dagoen politikari bat baino lagun musikazaleagorik. Batik bat musikari horren kantuak jendartearen gogoan leku egin badute. Zenbat eta herrikoiago orduan eta estimatuago. Orduan bai dirulaguntzak, orduan bai hitz gozoak, orduan bai onarpena eta ospea. Gorteko musikarien pare bilakatzen saiatu daitezke munduko Txirrita eta Iparragirre guztiak hauteskunde atarian. Horregatik egin zitzaidan deigarria argazkia, bi legeak ederki betetzen zituelako. Hil berri bat eta hauteskundeak hurbil.

Eta segidan, nolakoa den burua, Victor Jararen behatzekin gogoratu nintzen. Laboarenak adina estimatzen nituelako noski, baina batez ere, paradoxez beteta dagoelako herri musikarien eta agintarien arteko harremana. Bizirik zaudenean eta hauteskunde garaia ez bada, behintzat, ez dakizulako oso ongi domina bat eman edota gitarra berriro ez jotzeko atzamarrak moztuko dizkizuten. Horrelakoxeak dira agintariak, eta kontuz lagun, kontuz, inoiz politikariren batek bizkarra igurtzi edota irri egiten badizu, badaezpada bizitza asegurua kontratatu azkar.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo