GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Arantza Ibabe Hor Dago Abante konpartsaren izenean

Arantza Urkaregi eta Eli Zubiaga konpartsakideak

Aupa Arantza eta Eli:

Badakigu ezin izango dituzuela hitz hauek irakurri, badakit atxilo hartu zaituztetela eta gure elkartasun sentimenduak, hitzak, jasotzea galarazita daukazuela. Zuen lan publiko, politiko, soziala burutzen duzuelako gure albotik eraman zaituztete, eta datozen inauterietan gurekin egoteko parada ere ukatu nahi dizuete.

Espainiak zuen lan militantea, zuen mugagabeko konpromisoa ezabatu nahi du, jakin badakielako zuen moduko eta zuekin batera kartzelatutakoen lanak herri honi behar duen demokraziak behar duen bultzada ematen diola.

Ustezko demokratak pozik agertuko dira gaur eta datozen egunetan, zuen kontrako gezur eta irainak botaz, baina lasai, guk ondo ezagutzen zaituztegu, eta atxiloketa guztiak antzuak izango dira, herri hau aurrera egiteko soluzio bidean jartzeko ilusio eta esperantzaz beterik dagoelako.

Guk gure eguneroko egitekoarekin, bakoitzak ahal duen bezala, zuen lanarekin jarraituko dugu, eta laster, laster izango baita, inauterietan, jaietan, Euskal Herri librean, batera jardungo dugu.

Aupa Arantza eta Eli, aupa zuek. Hitz hauek agian ez dituzue jasoko, baina gure elkartasuna eta konpromisoa zuekin dago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo