GARA > Idatzia > > Kultura

Eszenak

Nor dago mozorroaren azpian?

Dorleta URRETABIZKAIA

Aktorea eta idazlea

Kaleak, balkoiak eta tabernak kolorez, serpentinaz eta karrozaz bete zaizkigu. Mendebaldeko indioak bisitan etorri dira, baita moja zuri-beltz eta kolorez beteriko pailazoak ere. Mozorroek kolorez eta umorez bete dituzte eguneroko lekuak, kalea antzoki bilakatuz, eguneroko pertsonak aktore bihurtuz. Inauteri egun hauetan, guztiok aktore izatera egin dugu jolas, beste norbait izatera. Eta jolas honetan, egunerokotasun arrunteko zerbait aldatu egin da. Goizeroko kafea hartzean, betiko zerbitzariak ileorde orlegi eta minigona gorridun emakumez jantzita zerbitzatu dizu kafea. Ogia erosterakoan, betiko okinak, krokodilo laranjaz jantzita luzatu dizu ogia. Eta egunkaria hartzerakoan berriz, goizeroko gizona, erizaina dela ohartu zara... Eta aldaketa txiki honek, barrea eragin dizu. Eta hona hemen, umorearen jakitunen arabera, umorea egiteko oinarrizko bi lege: egoera normal batean normaltasunetik at dagoen zerbait gertatzea edota egoera ez normal batean zerbait normala gertatzea.

Eta ba ote dago umorea egiteko juglarea baino gizon edota emakume aproposagorik?... Kataluniatik etorritako juglareak gurean izan ditugu inauteri egun hauetan, baina ez kalean, Victoria Eugenia antzokian baizik. Els Juglars taldea. Egun gori-gorian dagoen klima aldaketaren gainean, politikarien eta gizartearen beraren hipokrisiari buruz mintzatu zaigu «La cena» komedia lan absurdu eta surrealista bikainaren bitartez.

Talde beterano honek, lepo bete zuen antzokia baina ez pertsonekin bakarrik, baita eurak eragindako barre eta txaloekin ere. Umorea eta kritika soziala trebetasunez erabiltzen dituen talde hau ikustea plazer handia izaten da beti, geure buruaz barre egin eta bizitza umore gehiagorekin hartzen ikasteko, besteak beste. Eta oraingo honetan ere, taldearen berezko ezaugarrietako bat berriro ikusteko aukera izan dugu, askatasun eta ausardiaz eginiko esperientzia handiko maisu lana.

Inauteriak amaitu badira ere, antzerkia hasi baino ez da egin, martxoaren hiruan, Eibarko antzerki jardunaldien XXXII. edizioari hasiera emango baitzaio. Eta kalitatea eta aniztasuna bermatzen dituen jardunaldi hauetan, mota eta leku ugarietako ikuskizunak ikusteko aukera izango dugu. Aurten, hamasei izango dira guztira aurkeztuko diren antzezlanak eta horietako zazpi, estreinaldiak izango dira. Besteak beste, honako antzezlan hauek ikusteko beta izango dugu: Deabru Beltzen «Nora zoaz, Txanogorritxu?», Agerre Teatroaren «Putzuak lehortzen», Animalarioren «Urtain» (izen bereko boxeolari ezagunaren gainekoa), Porpol taldearen «Toda I.a, Iruñeko erregina», Kukubiltxoren «Haritzaren azalera zehatza», Markeliñeren «Terapia» etab.

Kaleek, balkoiek eta tabernek berriz eguneroko kolore arrunt eta grisa hartu badute ere, norberak bere eguneroko pertsonaia antzeztu behar badu ere, antzoki barruetako antzerkia hasi baino ez da egin, eta zer esanik ere ez dago, hautestontzietako antzerkiaz... Igandetik aurrera inauterietako mozorroen azpian nortzuk ezkutatzen ziren jakingo baitugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo