Eszenak
«Les enfants d'Arcadie», gizatasunaren dikotomia Chimères-en lan berrian
Biarritzeko Théâtre des Chimères antzerki taldeak «Les enfants d'Arcadie» azken lana aurkeztuko du martxoaren 6an eta 7an Anhauzen. Antzezlanak gizatasunari buruzko hausnarketa sakon batean sartzeko aukera emanen du, eta horretarako, Shakespeareren «Macbeth» eta Edward Bond idazlearen «Rouge noir et ignorant» testuetan oinarritu da taldea. Bi zatitan banatua, gizakiaren izaera ilunetik esperantzaren argitasunera eramango gaitu antzezlanak.
Ainize BUTRON | BIARRITZ
Krisia gora eta behera aipatzen den une honetan, Chimères antzerki taldeak ezohiko gai bat jorratzea erabaki du «Les enfants d'Arcadie» deituriko bere azken sorkuntzarako: gizaki orok «mundua hondatzeko» duen ahalmen eta nahikeria.
Gaiak iluna badirudi ere, Théâtre des Chimères taldeak umorez eta bizitasunez jorratzen du. «Izenburuak argi adierazten du obraren muina. Arkadiako baratzeak greziarren garaian herri idilikoa irudikatzen zuen. Gu Arkadiako haurrak gara, eta gure zeregina hura berreraikitzea da», goraipatu zuen Jean-Marie Broucaret lapurtar taldeko zuzendariak. Beraz, iluntasunetik esperantzara eramango ditu ikusleak, ondoko martxoaren 6an eta 7an Anhauzen eskainiko den antzezlanak.
Théâtre des Chimères taldeak duela hamar bat urte abiaturiko proiektu baten ondorioa da «Les enfants d'Arcadie». «Gizakiaren jatorriari buruzko azterketak egiten hasi garelarik, tximinoen izaera lantzen hasi gara genetikoki gugandik oso hurbilak baitira», argitu zuen zuzendariak. Ikerketa horretan, tximinoak zein gizakiek gerla eta boterea hartzeko moduan lotura bat zutela ohartu ziren. «Gudua egiten eta, horretarako, estrategia bat finkatzen duten bi espezie bakarrak gara. Hori kontuan harturik, gai horri jorratzen duen testu bat bilatzen aritu gara, eta Shakespeare idazlearen `Macbeth' antzerkia baliatzea erabaki dugu», azaldu zuen zuzendariak. Boterea harturik, munduko hondamendia bilatzen du Macbethek. Halere, ikusleak iluntasunetik esperantzara eraman nahi izan ditu taldeak. Horretarako, bigarren zati bat gehitu diote obrari. Tximinoak bazterrera utzirik atal horretan, Chimèresek Edward Bond idazlearen «Rouge noir et Ignorant» idazkia baliatu du.
«Les enfants d'Arcadie» ikusgarria kaleratzeko Théâtre des Chimères antzerki taldea Baxenabarreko herri agertokiekin estuki lanean aritu da. Anhauzen egonaldi bat egiteaz gain, lehen emanaldia ere bertan eginen dute. Jean-Yves Ostrowiezki egiturako lehendakariak taldearekin elkarlanean aritzearen arrazoia eman zuen: «Chimèresen obra guztiak irakaspenez beterik daude, baina ez da morala nagusitzen. Antzerki politikoa da, baina ez du leziorik ematen». Anhauzetik at, ikusgarria beste hainbat lekutan emango da, horien artean taldearen egoitzan, martxoaren 27, 28 eta 29an. A.B.