Andres Osa «Sakona» Kazetaria
Askatasuna eta bakerako bidea, «urrezko botopapera»
Ezker abertzaleak duen eta izango duen indarra igandean baieztatu behar da. Ateak irekita laga behar dira, ondorengo urteetan jauzi kualitatiboa eman ahal izateko
Hauteskundeak gainean, alderdi politiko legalen ahalegin aspergarria bezain insolidarioa bukatzear dago. Alderdi politiko «ilegalizatuak» eta herritar multzo handi bat, erdi aroan bezalatsu, botoa ukatzen zaielarik daude.
Zurrunbilo maltzur honen barruan, etorkizun laburrean sortu behar den, sortuko den indar biltzearen hazi iraultzailea ernetzen hasteko une aproposa izango da igandekoa. Horretarako erabili behar den «urrezko botopaperak» sekulako garrantzia izango du etorkizun laburrean. Benetako bidea, bakerako bide zuzena, Euskal Herriak oraindik lortu ez duen askatasuna, subiranotasuna, independentzia jokoan daude. Herriaren desio hori bete ahal izateko ezinbestekoa da ezker abertzalearen presentzia eta eragin zuzena. Indarrak biltzeko garaia badator, aurki izango da.
Tamalez, ezker abertzalea zokoratzeko erabiltzen den argudioa benetan ulertezina da. «Bake bidea soilik erabili» behar dela diotenek alderdi espainiarren joko zikinean fronte bat egiten dute. Baina Herri Batasunak noiz erabili du indarkeria erakundeetan? Gasteizko Legebiltzarrean ezker abertzalekoek noiz erabili dute indarkeria euren erantzukizunetan? ANVk noiz erabili du udaletan indarkeria? Indarkeriaren ordez, ustelkeria salatu eta agerian ipini, burokrazia gutxitu, euren soldatak jaitsi, herriaren parte-hartzea bultzatu eta abar, hori guztia egin dute eta egiten ari dira. Hori da indarkeria?
Ezker abertzaleak ez omen ditu ETAren ekintzak gaitzesten, eta hori egiten ez duen bitartean, hor konpon! Bakoitzak bere sarea bota eta ea norbait harrapatzen duten lanean dabiltza. Serioak izan gaitezen. Nork esan behar du baldintza hori ezinbestekoa dela elkarlana egiteko, alderdia sortzeko, hauteskundeetan aukera izateko eta abar? Alderdiek, eta edonork, zilegi dute gaitzespen hori eskatzea, baina inoiz ez herritarrek duten eskubide demokratikoa ukatzeko, alderdi demokratikoak ilegalizatzeko. Estatu espainoleko legedian ere ez da agertzen horrelako kasurik. Ezagutzen al da aipatutako ekintzak «ez gaitzesteagatik» norbaiten aurkako sententziarik? Beste «lotura» edo aitzakia batzuengatik bai; ez, ordea, kondena bai/kondena ez delakoagatik. Biolentziarik gabeko praktika politikoa eginez lortu nahi den helburua eta erakunde armatu batek indarkeriaz baliaturik lortu nahi duena berdinak badira ere, norbaitek debekatu al diezaieke lehenbizikoei beren lana egitea? Inteligentziaren ukazioa da.
Lerro hauen bitartez, igandean «urrezko botopaperak» izango duen garrantzian jarri nahi dugu arreta. Ezker abertzaleak duen eta izango duen indarra igandean baieztatu behar da. Ateak irekita laga behar dira, ondorengo urteetan jauzi kualitatiboa eman ahal izateko. Zenbat eta horietako botopaper gehiago, hainbat eta distira handiagoarekin ekingo zaio batasun prozesuari.
Botopaper horiek erabiltzeko beste arrazoi asko ere badira: alderdi ilegalizatuetako liderrak kartzelan daude, aske daudenak polizien kontrolpean. Adierazpen askatasuna egurra emanez zapuzten dute; tortura, bai, tortura ohitura bihurtu da, espetxeak sarraski leku dira... Horiek ez al dira nahikoa motibo amorrazioa azaltzeko? Eta gainera «Batasunak Gobernuaren, Poliziaren eta Garzonen laguntza jasotzen du». Hamaika tontakeria entzuteko jaioak gara! Patxi, makurrak gaituk. Abertzaleen arteko hurbilketa aurki izango diagu eta orduan hemerotekak ahaztea zaila izango duk, baina ahalegina egin beharko duk.
Igandean paper ofizialen alboan «urrezkoen» distira nabarmendu behar da. Jakina, datuen irakurketa egitean, soziologo, tertuliano, alderdien buruzagi horiek guztiek jarduna izango dute. Aurrekoetan ikusi duguna ikusita, objektibotasunaren arrastorik ez dute azalduko. Benetan lotsagarria izaten da. Azterketa guztiek ilegalizatuen botopaperak zer nolako baldintzetan eman diren ez dute esango eta emaitza onak badira, aipatu ere ez; labur samar gelditzen badira, ordea, lau haizetara zabalduko dituzte.
Horrenbestez, pazientziaz baliatu eta pentsatu aurki alderdi, sindikatu eta Lizarra-Garaziko hartan izan zen jende gehiena planteamendu abertzale sakon eta sendo baten ardatzean elkartzen hasiko direla. Igandean «urrezko botopapera» eskuan, ireki dezagun benetako justizia eta bakerako bidea!