Krisialdi ekonomiko eta demokratiko bertsuan
Gasteizko San Frantzisko elizan langile asanblada bat egin zuten atzo. Leku enblematikoa, inondik ere, oraintsu 33 urte, Poliziak, hantxe ziren milaka langileri tiroka oldartuta, haietako bost hil eta beste asko zauritu baitzituen. Orduan bezala egun ere krisi ekonomikoak ezaugarritzen du egoera. Baina urteurren hori baino egun batzuk lehenago ez ezik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hauteskundeak baino hiru egun lehenago ere bazela egin zuten atzoko asanblada. Askatasun zibil eta politikoen ukazioa ezin nabarmenago geratu den garaian, hain zuzen.
Asanblada egiteko hautatutako lekuaren sinbolismoaz harago, ukaezina da orain dela hiru hamarkadako egoeraren eta egungoaren arteko paralelismoa, nola arlo sozioekonomikoan hala politikoan. 1976ko martxoan, diktadore espainiarra hil berri, langileriak krisialdi latz bati aurre egin behar zion, sistemak berak eragindako krisia langileak kolpatu baitzituen batez ere. Erantzuna borroka izan zen. Asanblada tresna eta elkartasuna elikagai, herri mugimendu sendoa gorpuztuz joan zen, enpresaburuak eta Estatua beldurtzeraino gorpuztu ere, eta hura deuseztatzeko errepresiorik bortitzena erabili zuten. «Demokrazia gazte» hartako Gobernuak, enpresaburuen interesen araberako politika ekonomikoa egin eta haien zerbitzura jarri zuen bere indarra. Eta horretara jarraitu zuen hurrengo urteetan, eta berak bezala gobernu autonomikoek ere, gaur arte. Atzoko asanblada, duela 33 urte bezala, krisi egoera gogorrean egin zuten. Eta, orduan bezala, krisialdi demokratiko handian, diktaduraren itzala oraindik nabari dela, euskal gizartearen zati handi baten aukera politikoak legez kanpo eta aukera horien hainbat ordezkari kartzelan direnez.
Atzo San Frantzisko elizara bildu ziren langileak ez zituen nostalgiak bertaratu, ez oroipen hutsak. Langabezia tasa ikaragarria denean, lan baldintzak gero eta eskasagoak direnean, enpleguaren prekarietatea inoiz baino handiagoa denean, egoera gero eta jasanezinagoari aurre egin beharrak batu zituen. Asanblada tresnatzat hartuta, elkartasuna ernetzeko garaia baita.