Hizkuntzen trataeraz ikastolek dakitena, gizartearen eskura
Herritar elebakarrak salbuespen dira egungo gizartean eta desagertu egingo dira biharkoan. Ikasle eleanitzak hezten aitzindari izan ziren ikastolak eta euskarari nagusitasuna emanez egin dute lan hori. Urtetan pilatutako esperientzia hori guztia bildu dute atzo aurkeztu zuten «Ikastolen hizkuntz proiektua» liburuan. Hogeita hamasei ikastolatan esperimentu gisa egindako esperientzia ikastola guztietara zabalduko dute eta bidenabar gizartearen eskura jarriko.
J.A. |
Orain artean hizkuntza bakoitza modu bereizian lantzen zen irakaskuntzan. Orain zazpi urte jarri zuen martxan hizkuntzen irakaskuntza modu integratuan lantzeko plana Ikastolen Elkarteak. Plan pilotu horretan 36 ikastolak hartu dute parte eta atzo Donostiako Miramar jauregian handikiro egindako ekitaldi batean aurkeztu zen ikastola ereduarentzat estrategikoa den esperientzia zabal horren emaitza, «Ikastolen hizkuntz proiektua» izeneko liburuan bilduta. Lehen zatiak egitasmoaren erreferentzia-markoa biltzen du, bigarrenak, berriz, proiektua ikastola guztietara zabaltzeko «gida praktikoa» jasotzen du. Esperientzia hori guztia bidenabar irakaskuntzako eragile guztien eskura ere utzi nahi izan dute. «Hizkuntzen trataera ikastolen ardatza izan da sorreratik, hezkuntza eredu berri bat sortzeko jaio baitziren bere garaian eta horretan dihardugu oraindik. Gaurko gizartean ezinbesteko erronka da hizkuntzen trataerari dagokiona, ez bakarrik euskara eta euskal kultura gaurko mundu globalizatuan biziberritu nahi ditugulako, baizik eta horrekin batera gizarte honetan ondo integratuko diren herritarrak behar ditugulako; euskararekin batera beste hizkuntzak menderatuko dituztenak alegia. Gaur ere hizkuntzen trataera estrategikoa da guretzat. Trataera hori kudeatzeko marko integral bat eskaintzen du landu dugun planak», adierazi zuen Itziar Elorzak, proiektuaren zuzendariak.
Zazpi urtetan ikastolek garatu duten proiektuak ez du gela barruko hizkuntz trataera bakarrik kudeatzen. «Ikastolako komunikazioaren testuinguru osoa hartzen du kontuan, hizkuntz erabilera guztiak, beraz. Eta horiei begirako plangintza zehatzak eginez eta komunitate osoaren parte hartzearekin bakarrik egingo dugu aurrera. Badirudi hizkuntzen trataerak hizkuntz irakasleen eskuetan geratu behar duela, baina ez du horrela izan behar. Hizkuntz konpetentziak ez dira irakaskuntza orduetan bakarrik garatzen, hizkuntzak erabiltzen diren ordu guztietan baizik. Hori lortzeko bideak ematea da aurkeztu dugun lan honen helburuetako bat», jarraitu zuen Elorzak prentsaren aurrean.
Hogeita hamasei ikastolak hartu dute parte esperientzia pilotu honetan, eta datorren urtetik aurrera lehenago edo geroxeago ikastola guztiak plangintzan sartuko diren itxaropena agertu zuten arduradunek. Ikastola horietako bakoitzean dinamizatzaileak izan dituzte proiektua aurrera eramateko. Aurkezpenaren ondoren ikastoletako irakasleak taldeka bildu ziren gida praktikoaren nondik-norakoak ezagutzeko. Tontxu Campos, Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua; Patxi Baztarrika, Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta hiru kutxetako ordezkariak eseri ziren aurkezpenean, EHIKeko lehendakari Koldo Tellitu eta Hizkuntz Proiektuko zuzendari Itziar Elortzaren ondoan. Horiek esandakoak entzutera ehun bat lagun bertaratu ziren.
Hogeita hamar ikastolak hartu dute parte Hizpro izenez bataiatu zuten hizkuntz proiektuan. Ikastola bakoitzean dinamizatzaileak jarri zituzten proiektua koordinatu ahal izateko
Urtetan, gelaz kanpoko euskararen erabileraz arduratu den Euskaraz Bizi ere proiektuan murgildu da. «Argi dugu euskara erabili ahal izateko esparruak eman behar zaizkiela ikasleei, eta horiek jorratzen ari gara», esan zuen Elorzak.