Presidentea Obama izanda, Guantanamon torturak salatu dituzte
Mauritaniako presoen aldeko talde batek salatu du Guantanamon preso den Ahmed Uld Abdelaziz mauritaniarrak torturak jasan dituela, AEBetako presidentea Barack Obama bada ere. Abokatuak egoera latzean topatu zuen ziegan, entzanda, eskuak eta hankak loturik zituela.
GARA |
Guantanamon atxilotuta dagoen Mauritaniako Ahmed Uld Abdelaziz torturatu dutela salatu du aipaturiko base estatubatuarrean preso dauden mauritaniarren eskubideen defentsan jarduten duen elkarte batek.
«Barack Obama agintean denetik, lehen tortura kasua da, guk dakigunez», nabarmendu zuen elkartearen bozeramaile Hamud Uld Nebaghak asteazken gauean eginiko agerraldian. Presoaren abokatuak, Ahmed Ghaburrek, Abdelaziz egoera «umiliagarrian» aurkitu zuela plazaratu zuen. Guantanamoko 31 atxilotu irabazpide asmorik gabe defendatzen dituen gobernuz kanpoko erakunde britainiar batean lan egiten du Ghaburrek.
Hark emandako lekukotasunaren arabera, «lurrean etzanda zegoen hiru aulkiren artean; eskuak aulkietara lotuta zituen, baita eskuin hanka ere; ezkerrekoa lurrera finkatuta zuen burdinazko kate batekin». «Laranja koloreko uniformea jantzita zeraman. Nire esperientziaren arabera, `hezibide' fasean dago», azaldu zuen. Egun Mauritaniako bi preso daude Guantanamon, horietako bat Abdelaziz delarik, eta Al Qaedako kide izatea leporatzen diote. Beste hirugarren bat, Mohamed Lemin Uld Sidi, Mauritaniara entregatu zuten 2007. urte hasieran.
«Gure irudia lohitu egiten du»
Kargua zin egin ondoren, Guantanamo urtebeteko epean itxiko zuela eta bere gobernupean ez dela inor torturatua izango agindu zuen Obamak.
Ameriketako Estatu Batuetako Inteligentzia zuzendari Dennis Blairrek Guantanamo itxi egin behar dutela adierazi zuen atzo. Haren hitzetan, AEBetako irudia lohitu egiten du. «Gainontzeko herrialdeek ez dute gurekin hitz egin nahi. Ez digute harrera onik egiten», adierazi zuen Ordezkaritza Ganberako Inteligentzia batzordean.
Dena dena, egun batzuk lehenago Justizia idazkari Eric Holderrek espetxea ixtea ez dela erraza izango ohartarazi zuen.
Obamak emandako epean auziak berrikusiko dituztela, eta «Guantanamo zer izan den eta egun duen esanahia» aztertuko dutela azaldu zuen. Oraindik erabaki gabeko 245 auziak berraztertzeko osatu duten lan taldea Matthew Olsenek zuzenduko duela ere iragarri zuen.
Bien bitartean, Britainia Handiko Defentsa ministro John Huttonek atzo aitortu zuen 2004an bi irakiar soldadu estatubatuarren esku utzi zituztela, eta horiek CIAk Afganistanen duen ezkutuko espetxe batera eraman zituzten: «Atzera begiratuta, Afganistanera zergatik eraman zituzten galdetu behar genuen, baina ez genuen halakorik egin».
Guantanamoko presoak hartzea herrialde bakoitzaren erabakia dela esan du Europar Batasunak. «Ezin dugu inor behartu base horretako presoak hartzera. Informazio guztia jasotzeko eskubidea dugu», esan zuen Txekiako Barne ministroak, Ivan Langerrek.