GARA > Idatzia > Kirolak > Futbola

Bigarren maila | Derbia Mendizorrotzan

Javi Lopez eta Lillo, antzeko profilak, aurkako norabidean

Zentzuzko jokoa eta pase motza oinarri, Salamancan sortu zuten ilusioa berpiztu nahi dute bi adiskideek.

Jon ORMAZABAL | GASTEIZ

Berriz ere, behar gorria izango da Alavesek eta Realak Mendizorrotzan jokatuko duten derbiaren ezaugarri nagusia. Denboraldiaren amaiera iazkoan baino urrutiago egonda, partida ez da horren erabakigarria izango, baina bi taldeen etorkizunean garrantzi handia izango du larunbateko emaitzak -mailari eusteko babazorroentzat eta Lehen Mailara igotzeko gipuzkoarrentzat-. Bataren eta bestearen beharrak oso desberdinak diren arren, antzeko estilo eta filosofia darabilten bi entrenatzailek gidatzen dituzte bi taldeak: Javi Lopez kataluniarra eta Juanma Lillo.

«Bidaiariz betetako autobus bat ibaira erortzen denean, barruan ordena eta lasaitasuna jartzeko gai den norbait badago, hildakoen kopurua oso txikia izaten da», esan zuen Bozidar Maljkovicek Baskoniaren entrenatzaile zela, Atenaseko Final Fourrera joan aurretik, eta badirudi bai Realeko eta bai Alaveseko presidenteek euren taldeak gidatzerako orduan aintzat hartzen dutela hori.

Entrenatzailea aldatzean bestelako susperraldi mota bat bilatuz, lasaitasun, zentzuz jokatze eta baloia ukitzearen aldeko apustua egin dute Alavesen, Juanma Lillorekin Realak egin zuen bezala, nahiz eta egoerak oso bestelakoak izan.

Futbol entrenatzaileak «Menottista» edo «Bilardista» gisa sailkatzen dituztenentzat, lehenaren eskolan kokatuko genituzkeen bi entrenatzaile arituko dira elkarren aurka larunbatean Mendizorrotzan. Baina baloia motzean jokatu eta erasoko jokoaren zaleak izateaz aparte, bada bi entrenatzaileak estuki lotzen dituen beste alderdi bat: Salamanca futbol taldea. Txarroekin lortu zituzten bi entrenatzaileek beren ibilbideetako emaitzarik onenak, tolosarrak Lehen Mailara igo zituen Salamancakoak eta egun Alavesen ari den entrenatzaileak ere mailaz igotzea lortu zuen, baina kasu honetan Bigarren B Mailatik Bigarren Mailara.

Lagun onak

Horrenbeste ezaugarritan bat etorrita, normala da bi entrenatzaileen artean harreman ona egotea, Juanma Lillok atzo adierazi zuen bezala. «Nik Javi oso ondo ezagutzen dut, harreman ona daukat berarekin eta suposatzen dut taldeak bera oso ondo hartuko duela, baita bere estiloa eta entrenamenduak egiteko era ere. Jokalarientzat oso atsegina da bere estiloa, baina era berean lan handia eskatzen du. Beti nahi izan du baloia lurretik jokatu eta ausardia handikoa da. Denbora ematen badiote oso lan ona egin dezake», azaldu zuen tolosarrak.

Derbiaren aurretik eman beharreko prentsaurrekoan ere, biei antzeko zeregina egokitu zitzaien, hau da, inguruari lasaitasuna helaraztea, egoera ez baita erraza inorentzat. Alde horretatik, sailkapenean askoz ere okerrago egonda ere, zeregin hori errazagoa izan zen Levanten 2-3 irabaztetik datorren Javi Lopezentzat.

Kataluniarrak «pronostiko zail eta emaitza estuko» derbia iragarri zuen, eta helburua irabaztea izango den arren, berdinketa ere ez zuen txartzat eman. Jaitsiera postuetan egonda, «lasai egotea eta denok batera lan egitea da gakoa». Hori bai, atzoko lana bere adiskide Lillorena baina errazagoa izan zen arren, gustura aldatuko lioke sailkapenean duten egoera. «Mailari eustea ez da batere erraza, ezta Lehen Mailara igotzea ere. Hori bai, aukeran, goian ibiltzeagatik dagoen presioa askoz ere atseginagoa da».

Gasteizen ilusioa pixkaka berreskuratzen ari diren bitartean, Lilloren egoera aspaldiko eskasena da, ondoz ondoko bi partida galdu ostean. Tolosarrak taldea bizirik ikusten duela nabarmendu zuen behin eta berriro eta animotsu agertu zen, gehiengoak uste duenaren kontra, «iaz RIP idatzi zen leku horixe, askoz politagoa izan daitekeen zerbaiten hasiera» bilaka daitekeela sinetsarazteko.

Alaves

Bonisek entrenamendua normaltasunez egin zuen, baita Casar eta Pery Martinezek ere, eta larunbatean hasieratik jokatzeko moduan daude. Atezainak du aukerarik gehien titular izateko.

Reala

Min hartu zuenetik itzuli osoa bete den honetan, Lillok ez du oraindik Gorka Elustondo jokatzeko moduan ikusten. Markel Bergarak ere oso zail dauka Alavesen aurka jokatzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo