GARA > Idatzia > Kultura > Musika

«Y volver, volver...»

Blanca Izkue

Musikagintzako langilea

Todos vuelven...» abesten du Ruben Bladesek bere kantu eder batean. Hitzok musikariei zuzenduak ez badira ere, horixe abesten dut desagerturiko taldeen berragerpenaren berri izatean. Krisia dela, sosak agortu zaizkiela, ala arrazoi maltzurrak albo batera utzirik, dezibelioen grina berpiztu zaiela, kontua da aspaldian desagerturiko taldeen itzuleraren jarioa ez dela amaitzen. Zerrendan adibide harrigarriak ditugu: Led Zeppelin, The Doors, The Who, The Police, Sex Pistols... taldekide bakar batek bizirik irautea aski omen da talde zaharrak berpizteko. Batzuetan bira edo kontzertu zehatz bat burutzeko, besteetan agerpen zehatza behar zuena behin betiko itzulera bilakatuta, bada horien artean zaleok bihotzez eskertu dugun itzulerarik; talde horietako batzuek, sekula zuzenean ikusi gabeak, entzuteko aukera ederra ematen digutelako. Beste batzuek, aldiz, sekulako auzo lotsa eragin digute.

Gure artean ere bada zer kontatu. Gertatu ohi zaigu gertukoekin eskuzabalagoak izaten garela, gure kritika zorrotzak leuntzen ditugula ondokoekin. Bi adibide ditut alboan, horietako bat zinez gertukoa. Bata, Zaramarena, bestea, Balerdi Erdi-rena. Roberto Moso eta konpainia zergatik edo zertarako elkartu diren berriz ez badakit ere, albisteak ez nau sobera harritu, maiz eta nostalgiaz aditu izan baitiet bandaren urrezko garaiez (beno, urrea baino, zilarra jaso zuten haiek, gutako batzuk haien kantuak biziki maite bagenituen ere). Besteen arrazoiak, alboan edukita, ongi ezagutzen ditut. Talde gazte askok esaten duten bezala, «ongi pasatze hutsa» dute xede orain hirukote gisa itzuli diren Balerditarrek, taldekideen antzinako taldeetan sortutako kantuekin errepertorio historikoa sortuz, dokumentala ia. Kontua da hasieran lokalean ongi pasatzeko gogoak berriro zuzenean jotzera bultzatu dituela. Zertarako nahi duzu, bestela, lokalean entseatu inori zure musikarekin gozatzeko aukerarik ez badiozu ematen? Hori da kontserbatorioko ikasle gizagaixoen patua; ez, ordea, rock zaleena. Hala, haiek eta haien publikoa musikarekin gozatzeko asmoz, lehenengo «boloa» eman dute dagoeneko. Bitxiena, orain etorri zaizkien kritikak eta kontzertu gehiago emateko proposamenak. Zarama bigarren dibisioko taldea izan bazen, beste hauek «regional preferente» saila ez zuten sekula gainditu. Eta orain zenbait kazetarik bere talde kutuna zela jakinarazi diete, eta oilo-ipurdia eragiten duten kritikak idatzi dituzte haien itzuleraren kontura. Nostalgia? Norena?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo