Hala Bedi irratiak «Musika kale kantoietan» zabalduko du Gasteizen
A. B. | BiLBO
Gasteizko Hala Bedi irrati libreko saioa dugu «3Kortxea», bihartik datorren ostegunera bitarte, euskal taldeen kontzertu sorta interesgarria antolatu duena.
Indartsu hasteko, Ama Sayk sasoian itzuli dela erakutsiko du bihar Gaztetxean (5 euro). Disko esanguratsu bi plazaratu ostean, orain dela hamahiru bat urte desegin zen taldea, eta itzuleran zale andana bildu du, orain arte eman dituen zuzenekoetan.
Irratsaioak IKA euskaltegikoekin antolatzen duen «Musika kale kantoietan» egitasmoa nagusituko da. Hiru data jarri dituzte, eta beste horrenbeste taberna eta talde. Hasteko, etzi Elizondoko Kaskezur taldeak Hala Bedi tabernan joko du. Pog Mo Thon mungiarrek, martxoaren 3an, Parralen. Trapatoni Circus Bandek martxoaren 5ean, Gaztetxean. Egun berean, eta Korrika kulturalaren barne, Zura talde bikainaren «Kiribil» bossa nova saioa izango da, Gora tabernan.