Bruce Springsteen ikusteko sarreren salmentarako atzo sortutako ilaran, kalapitarik ez
Kalapitarik sor ez zedin, Springsteenek uztailean San Mames zelaian emango duen kontzerturako sarrera kopuru bat Bilboko zezen-plazan saltzea erabaki eta horretarako ilarak atondu zituen atzo antolakuntzak.
A. BILBAO | BILBO
AC/DC australiarrak Barakaldoko BEC aretoan ikusteko sarreren salmentak zapuztuta utzi zuen bat baino gehiago, baita jipoitua ere, ertzainek El Corte Inglesen bildutako zaleak astindu baitzituzten. Kontua da milaka lagun sarrerarik gabe amorru bizian bueltatu zirela etxera.
Aurrekariak ikusita, Springsteen rock izarra Bilbon ikusteko sarrerekin berdina gertatuko ote zen beldurrez, eta hiriko zaleei lehentasuna emateko asmoz, Vista Alegre zezen-plazan gutxienez sei mila sarrera salduko zituela iragarri zuten antolatzaileek. Gaur 10.00etan hastekoa da salmenta, baina arazoak ekiditeko, atzo 20.00etarako zezen-plazan zeudenei zenbaki bana eman zieten, lehen mila zaleek sarrerak bermaturik izan zitzaten (bakoitzak sei gehienez).
GARA Vista Alegrera hurbildu zenerako, arratsaldeko seiak aldera, ehunka lagun ziren ilaretan zain, oraindik ez ziren mila, ordea. Ilaran lehena asteazkenean, 23.00 aldera, iritsi eta gaua bertan eman zuen gizon lasai bat genuen arren, 17.30ean bertaratutako lagun bat ere aurkitu genuen, seirehungarrena zegoena (eskuan idatzita zuen zenbakiaren arabera).
Beroki potoloz jantzita, berrogei urte inguruko gizonak ziren nagusi ilaran, koadrilan batzuk, egunkaria irakurtzen besteak. Zazpiak aldera bertara hurbiltzen ari zen jende jarioa etengabekoa zen arren, oraindik milagarren zalea heltzeke zegoen.
Sarrerak eskuratzeko
Krisialdia dela, azken bi urteetan Euskal Herrira egiten duen hirugarren bisitaldia dela, ez dirudi, Springsteen San Mamesen ikusteko 36.000 sarreretako bat eskuratzeko arazorik izango denik, ordaintzeko prest egonez gero.
Sarrerak eskuratu nahi dituenak, bide ezberdinak erabil ditzake. Telefonoz, 902 15 00 25 zenbakian, eta Internet bidez berriz: www.ticktackticket.com.