Duela hamar urte Ottawan debekatu bazituzten ere, minak egon badaude
Duela hamar urte, Ottawan (Kanada), pertsonen aurkako minak debekatzeko hitzarmena onartu zen. Ordutik hona aurrerapausoak eman badira ere, ez da lortu arma hauek erabat desagertzea. Hori dela-eta, ICBL taldea mundu mailako kanpaina burutzen ari da.
GARA |
Duela hamar urte Ottawako Hitzarmenak pertsonen aurkako minak debekatu bazituen ere, oraindik ere munduan zehar oso hedatuta dago arma mota hori.
«Egia da Ottawako Hitzarmenak dozenaka herrialdetan egoera aldatu duela. Arrakasta hori egiazkoa bada ere, oraindik minak kendu ez dituzten inguruetan pertsona gehiegi bizi da, eta minek zauritu dituzten eta bizi baldintza duinak ez dituzten pertsonak gehiegi dira, eta biltegietan mina gehiegi daude», nabarmendu zuen Sylvie Brigotek, Minak Debekatzeko Nazioarteko Kanpainako (ICBL siglak, ingelesez) zuzendari exekutiboak.
1997an Bakearen Nobel saria jaso zuen nazioarteko sare honek eta mila taldek baino gehiagok osatzen du. Ottawako Hitzarmenaren hamargarren urteurrena dela-eta, 60 herrialdetako aktibistak mobilizatu ditu ICBLk. Horrela, Nazio Batuek Genevan duten egoitzaren aurrean ekitaldia egin zuten atzo.
Orain arte, 156 estatuk sinatu dute Ottawako Hitzarmena. Aurrerapausoa da, duela hamar urte 71k baino ez baitzuten sinatu, baina oraindik beste 39k ez dute egin, horien artean Errusia, AEBak eta Txina daudelarik.
Datu ofizialen arabera, 2008an soilik bi estatuk erabili zituzten minak, Myanmar eta Errusiak, eta munduan zehar aritzen diren hainbat gerrillak ere bai. ICBLren arabera, Ottawako Hitzarmenaren lorpenen artean dago minen erabilera, oro har, gaitzetsia izatea.
42 milioi mina suntsituta
Ottawako Hitzarmena sinatu zenetik, biltegietan zeuden 42 milioi mina suntsitu dituzte. Era berean, ordura arte 50 herrialdek ekoizten zituzten minak, eta orain, aldiz, hamahiru baino ez dira horretan aritzen.
Halere, hiru estatuk -Bielorrusia, Grezia eta Turkia- ez zuten bete gordeta zituzten minak 2008ko martxoaren 1a baino lehen suntsitzeko hartu zuten konpromisoa. Beste hamabostek, tartean Britainia Handiak, prozesu hori betetzeko luzapena eskatu dute.
«Beti jakin dugu minarik gabeko mundu baten alde borrokatzea epe luzerako lana izango zela, baina hori lortuko dugula uste dugu, ez dugu inongo zalantzarik. Benetan egingarritzat jotzen dugu helburu hau lortzea eta horregatik deialdi berezia egiten diegu estatuei, arma hauek eragiten duten sufrimendua ezabatzeko», gaineratu zuen atzo Sylvie Brigotek.
Azaroaren 30etik abenduaren 4ra Kolonbiako Cartagena de Indias hirian Ottawako Hitzarmena berresteko bilera egin zen. Minen aurkako borrokari bultzada ematea espero da.