GARA > Idatzia > Iritzia > Hemeroteka

Noticias de Gipuzkoa | Karmele Jaio 2009/3/6

Boterea

(...) Boterea esku batetik bestera pasatu daiteke, baina benetako aldaketa ez da esku batetik bestera pasatzea. Iraultzaileena zera izango litzateke: boterearen kontzeptua bera aldatzea. Orain arte ezagutu dugun boterearen kontzeptua gizonek asmatu eta eraiki dute. Boterea indar gehien erakutsi duenak izan du beti. Gaur, emakumeek ekarpen handiak egin ditzakete boterea beste modu batean ulertua izan dadin.

Enpresa batean, arduradun lanpostu baterako elkarrizketa. Behar duen prestakuntza eskatu eta gero, indar gehien erakusten duen pertsonari emango diote lanpostua, lehiakortasun ahalmen gehien duenari, sendotasun gehien erakusten duenari. Emakumeek boterea eskuratu behar dutela aldarrikatzen dugu egunero, baina zein botere? Egun indarrean dagoena? Edo agian beste botere mota bat asmatzeko ekarpena egin beharko lukete?

Alternatibak daude. Badaude mendeetan zehar emakumeek arlo pribatuan garatu dituzten egiteko moduak boterera ere aplikatuak izan daitezkeenak: Besteek esaten duena entzuteko ahalmena, adibidez, edo sentitzen dena azaltzeko gaitasuna; malgutasuna, denborak neurtu eta kudeatzeko trebetasuna; bitartekaritzarako boterea, ezinbesteko gaitasuna dena gatazkak konpontzeko; enpatia, besteek pentsatzen dutena ulertzeko prestutasuna. Botereak honelako ezaugarriak behar ditu, indarra eta lehiakortasunerako gaitasunen gainetik.

Eta botereaz eta emakumeez hitz egiten dugula ohar bat: Eusko Legebiltzar berriak aurreko legegintzaldian baino hamar emakume gutxiago izango ditu: hogeita hamahiru.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo