Julen MURGOITIO
«Aurrera gurpile!»
Aste honetan ohikoa baino gehiago kostatu zait zorroztarrian kamusteko moduko berriak aurkitzea komunikabide ei diren horietan. Albisteak bai, piloa, begiak, belarriak eta sudurrak aspertzeko beste, baina berrietan gutxi, apenas. Erreskatean ibili naiz, estatuak bankuekin bezala, hedabideotan zer edo zer interesekoa erreskatatu gurarik. Hona pelagikorik gabe saretik hartuak, neure zorroztarriak onartzeko modukoak. Eta zin dagit, benetako zina, hemengo tertzioan izandako hauteskundeen gainean ez dudala ezer ere esango. Bapez, Arratian esan legez. Horra, Tasmaniako hondartzetan dozenaka balea ageri dira hilda, itxura batean gehienek ez baitzuten arnasa-edo hartzen; baleetan adituak diren balezaleen esanetan, liderraren atzean zihoazen baleak hondarretan harrapatuta geratu ziren liderrak iparrorratza galdu ondoren; ez orratza galdu, iparra baizik. Tasmaniako autonomia-maila zenbatekoa den ikusten vademecumera jo gabe ere, baleko azalpena izan delakoan nago, baleez gaudela. Eta burura etorri zait segituan gurean hainbat udal-balkoitan den oihalarena: Balea nahi dugu. Ternua gogoan euskaldunok, lur berria nahi dugulako, Terranova. Tira, hango hondartzetakoak beste motibo batengatik ekarri nau hona, pasa den igandeko gauean hemengo hainbat tropel ere hondarrean hondoa jota geratu baitziren. Liderrak iparrorratza galduta ote? Litekeena da, baina bada beste azalbiderik ere, helburu zuten kosta egokia ez izatea, izan ere. Hortaz, batzuek kosta ahala kosta kostaz aldatu behar dute, behin betiko hondar geratu nahi ez badute behinik behin. Ez da gidariaren kontu hutsa, gidarena baino. Horra beste bat, gidatik gidara, Euskal Herriko iparraldeko izen handiko sukaldari batek uko egin berri dio pneumatikoen etxe ezagunak emandako izarrari, nonbait estresik gabeko taxuzko negozioa baitu helburu, eta helbide. Eredugarria, xapo! Hegoaldean, ostera, marmarka geratuko ziren horrezkero jelkide asko negoziazioetako sutondoetan, horiek oso gustura hartuko baitzituzten mitxelin gehiago tropelean, aurrera gurpile! oihupean, euren zeruan izar gehiago izateko, konstituzioaren argia islatuko balute. Bitartean, hondartzan dira horiek, arnasestuka, kokaina fardelak batzen, badaezpadakoan, mitxelinen urdaiak mantendu behar baitira, kosta ahala kosta! Lakuako klima aldaketak ugarituko ei ditu halako fardel olatuak.