GARA > Idatzia > > Kultura

Nazioarteko literaturaren aniztasuna ezagutzeko aukera, Pariseko Azokan

Pariseko liburu azokak ateak zabalduko ditu ondoko martxoaren 13an Porte de Versaillesen. Sei egunez, literatura bere aniztasunean ezagutzeko aukera emango du Azokak, bertan bilduko diren hiru mila idazle eta mila eta berrehun argitaletxeei esker. Gaurko eta biharko literatura izango da aipagai, eta idazleen lanak irakurri eta izenpetuko dira. Bestalde, Mexiko omenduko dute aurten. Sei egunez, herri horretako literaturan murgiltzeko aukera emango du Azokak.

p058_f01_203x112.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Europako liburu azoken artean entzutetsuenetakoa den Pariseko Liburu Azokak ondoko martxoaren 13an zabalduko ditu ateak. Versailleseko atean kokatua, 50.000 metro karratuko eremua hartuko du, eta, martxoaren 18a bitartean, 3.000 idazle eta 1.200 argitaletxe bilduko ditu. «Publiko zabal bati zuzenduriko Europako argitalpen eskaintza ederrena biltzen du», aipatu zuten antolatzaileek.

Azokak hainbat ardatz izango ditu. Besteak beste, idazle ugari bertaratzea da berezitasun esanguratsuetako bat. Nabarmentzekoa da, gainera, liburuak izenpetzeaz gain, jendaurreko irakurraldiak eta aurkezpen laburrak egingo dituztela, bai idazleek eurek, bai aktoreek, literatur zaletasuna pizteko helburuarekin.

Tokiko zein nazioarteko idazleen lanak azalduko dira, dela historia, dela zientzia fikzio, dela arteari buruz, eta eleberri, entsegu edota beste hainbat sailetan.

«Literaturaren unibertso ezberdinekin topo egiteko aukera ematen du Azokak. Serge Branlyrekin hasiz, Felix J, Charles Dantzig, Maylis de Kerangal, Harlan Coben edo Douglas Kennedy bezalako idazleen hitzak eta unibertsoak ezagutzeko parada emanen du», argitu zuten. Irakurketez gain, hitzaldiak ere izango dira, eta ekimenak iraungo duen sei egunetan zehar, literaturaren egoerari buruzko eztabaida ugari izango da topaketa horietan. Arratsetan, artelanen eta idazlanen arteko alderaketak ere eginen dituzte.

Azokak, izan ere, literaturaren mundua aniztasun betean ezagutzeko aukera emango du. Hein horretan, teknologia berriek leku nagusi bat izango dute bertan. «Biharko irakurketa moldeak» gunean, liburuaren merkatu berriak aztertuko dira. Reader deritzan liburu elektronikoaren aurkezpena egingo da, besteak beste. Mahai-inguruak ere antolatu dituzte, hala nola Interneti, Bookeen-i edo tresna numerikoei buruz eztabaidatzeko.

Komikia ere Azokaren ardatz nagusien artean dago. Sei egunez, sail horretan hainbat argitalpen berri aurkeztuko dira. Japoniako Atsushi Ohkubo autore gazteak Soul Eater komikiaren lehen eta bigarren aleak aurkeztuko ditu, eta Enki Bilal ere izango da, «Animal'z» aurkezteko.

Mexiko, gonbidatu nagusia

Aurtengoa 29. edizioa duen Azokak Mexiko ohoratzea erabaki du. Horren harira, Mexikoko idazle ospetsuak ekarriz, herri horretako literaturan murgiltzeko aukera emango dute. Mila metro karratuko gune berezi bat eratu da horretarako, eta bost ataletan banatuko da: argitaletxeak biltzen dituen argitalpenen industriaren Ganbera nazionala, Gilbert Joseph liburutegia, kultur ekonomikoaren fondoa, idazle eta publikoaren arteko bilgunea eta artisten liburuen erakusketa.

Orotara, Mexikoko berrogei bat idazle izango dira Azokan. Horien artean, Carlos Fuentes edo Briceida Cuevas Cob. Eta sei egunetan zehar, ordubetez, Mexikoko idazle baten lana ezagutarazteko tartea irekiko dute.

Mexikok toki berezia hartuko badu ere, nazioarteko beste hainbat argitaletxe ere izango dira Azokan. Nazioarteko literaturan barna itzulia egiten ahalko da, Suitza, Polonia, Portugal, Serbia, Eslovakia, Txina, Turkia, Brasil, Kanada edota Errumaniako argitaletxeen bidez.

Azkenik, profesionalen arteko elkargunea izatea ere helburutzat du Azokak. Argitalpen arloko sindikatu frantses nagusiak liburuari buruzko gogoetak bideratzeko gunea antolatu du. Bertan, hitzaldi eta eztabaidak izango dira nagusi.

Orotara, sei egunez iraungo duen Pariseko Liburu Azokan, bostehun hitzaldi eskainiko dira.

Tresna berriak

Liburuaren merkatu berriaren aipamenak gune nagusi bat izango du Pariseko Liburu Azokan. Idazlan eta tekonologia berrien arteko loturari buruz eztabaidatuko da hainbat hitzaldiren bidez. Besteak beste, Reader izeneko liburu elektronikoaren aurkezpena egingo da.

Euskal Herriko literatura, lehen aldiz Parisen

Euskal Kultur Erakundea eta Euskararen Erakunde Publikoaren elkarlanari esker Euskal Herriko lau argitaletxek beren argitalpenak Pariseko Azokan aurkezteko parada izango dute. Bi metro karratuko eremuan, Gatuzain, Hatsa, Maiatz eta Elkar argitaletxeek erakusmahaia kokatuko dute martxoaren 13tik 15era arte.

Tarte horretarako euskal literaturari buruzko gaualdi berezia antolatu dute Itxaro Bordarekin. «Bizitza nola badoan» eta «Noiztenka» lanetatik hamabost olerki irakurriko ditu idazleak. «Ikuspegi folkloristatik at, euskarazko sorkuntza bat badagoela erakutsiko dugu», esan zuen Peio Etxeberri-Aintxart Elkarreko arduradunak.

A.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo