GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Xabier Arana Eiguren | Gernika-Lumo

Ohiko trena jagon

Eguzkia nagia astintzen ari den ordu txikian, hamaika lagun dago geltokian trenaren zain, gehienak lokartuta. Beharginak eta ikasleak dira nagusi. Hurrengo orduetan batez ere andrazkoak igotzen dira «burdinazko zaldira» seme-alabekin, hauen laguntzaileak aiton-amona jubilatuak ez direnean. Pentsiodunak dira, bestalde, garraio era honen erabiltzailerik fidelenetarikoak, lehen aipaturiko ikasle eta langileekin batera.

Tren txikia hartzen dugu, betikoa, herririk herri gogaitu barik bere baitan bezeroak jaso eta helmugara daramatzana. Gutariko batzuk trena maite dugu eta, gainera, erosoa eta puntuala iruditzen zaigu. Badira suge urdinaren bidaiari direnak beste garraio modurik ez dutelako edota gidatzeko karnetik gabeko adingabekoen multzoan daudelako.

Hala ere, trenbide estuko trenak baditu gabeziak, seguru asko unitateak zaharkituta daudelako. Adibidez, negu gorrian berogailu barik bidaiatu behar izaten da noizean behin -irudika ezazue bidaia izoztua, esaterako, Bermeotik Bilbora-; sarritan zarata eta dardara handia jasaten dugu; edota oihalezko aulkiak antzinako Isabelita la Coipesta trenaren kea baino zikinagoak egoten dira.

Bestetik, eguneroko erabiltzaileek ez dugu ulertzen zergatik erasotzen zaion gure tren txiki baina eraginkorrari. Arrazoia bata izan edo gaupasa eroaren ostekoa, ondorioa bera da: egintza txikitzailea eta zerbitzu publikoaren galera, hain zuzen ere. Milaka lagun garraio modu horren alde edota menpe gaude. Zerbitzu honen behartsuenak esan beharrik ez dago nortzuk diren: beharginak izan ziren pentsiodunak eta alargunak, langileak, bai eta bihar etziko ogibidea bermatzeko gogor aritzen diren ikasleak ere. Gainera, emakumeak dira gizarte multzo guzti horietan gehiengo garbia.

Ez dakit arrazoi hauek nahikoak diren, baina, faborez, jagon, hobetu eta errespetatu gure ohiko trena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo