GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Ixabel Etxeberria | Irakaslea

Prefetak eta mobilizapenak

Mugimendu sozial eredugarriaren gutxiesteko, frantses prentsak susmoa heda zezan, Guadalupeko mugimendu sozialak bortitzak izan ohi direla gehitu dute UMPtik

Frantses Estatuko ordezkariek sekulako garrantzia hartu dute azken hilabeteetan. Sortzen diren mugimendu sozial guztien aurrean lehen lerroan daude errepresio mehatxu eginez.

Laborantxa Ganbararekin hasi ziren, prefetak bultzatu zuen lehen erasoa auzapezei Laborantxa Ganbararen aldeko diru-laguntzarik bozkatzea ezin zela onartu erranez. Geroztik heldu zena denek ezagutzen dugu, azken emaitza goaitatzen dugun unean.

Guadalupen, zazpi asteko borrokaren ondotik, greba orokorraren ondotik, 165 punturen gainean eraman ziren negoziaketak amaituak ez zirelarik, bertako prefetak greba orokorraren bukaera agindu zuen. Horrek eramaten zuen mehatxu zama guztiarekin. Elie Domenak, LKPren boz eramaileak ez du egoera horrela ikusten eta, nahiz eta geroztik lanera joatea erabakia izan den, hilabete sarien emendatzea onartzen ez dituzten enpresen aurkako lan bat iragarria du, prefetaren mehatxuei erantzunez. Noski, UMPtik erreakzio hori ez da onartua izan eta LKPren aurkako irainak entzun ditugu. Tonton makut-ekin parekatu dituzte, alegia Haiti uhartean herritarrak ikaratu zituzten agintaritzaren pean ziren miliziak. Mugimendu sozial eredugarriaren gutxiesteko, frantses prentsak susmoa heda zezan, Guadalupeko mugimendu sozialak bortitzak izan ohi direla gehitu dute UMPtik.

Orain argiak Martinikaren gainean jarri dituzte. Han ere prefeta lehen lerroan. Asteburu honetatik egunero, gaueko zortzietatik goiti, errepresio indarrak banatuak dira Martinika osoan. Negoziaketak aipatzen dira uharteko arazoei erantzun egokia emateko. Ematen du manifestaldi gogorrak izan direla, baina handik informazioaren jasotzea nahiko zaila da. Oldartzea behintzat ez da bukatua. Parisek arazo larria dauka uharteetan, kolonia horietan azken egun hauetan beste mugimendua hasi baita Reunion uhartean.

Ipar Euskal Herria, heldu diren hilabeteetan, garrantzia handia izanen duen proiektuan, Abiadura Handiko Trenean, prefetak bertako hautetsiek baino indar gehiago baduela erakutsi du. Bertako hautetsi guztiak bildurik azaldu baitzien nondik pasako zen trena. Hautetsi askoren iritzien gainetik, hunkituak diren herrietan hautetsi asko aurka baitaude. Hor dago Parisetik agintzen denaren inposatzeko. Tresna asko erabil ditzake. Guk gutxi dauzkagu AHTren gelditzeko. Baina elementu anitz landuak izan dira jadanik, informazioa bildua izan da eta elkarteak sortuak. Ezin da erran eginen dela. Behintzat ezin da erran bigarren linea eginen dutela Ipar Euskal Herrian. Hori oraindik gure esku dago antolatzen eta mobilizatzen bagara.

Orain biltzarrak hasiko dira. Herrietan hautetsi eta herritarren arteko bultzada antolatuz, gaur egun dagoen trenbidea baliatuz sarea nahiko hornitua dagoela jakinez, obra erraldoi honen beharrik ez dela aldarrikatu beharko da. Ez dago tokirik ez dirurik bulego zonbaitetan erabakitako proiektu erraldoi horrentzat. Adi egon beharko da eginen diren deialdi guztietan parte hartzeko. Mobilizapena izanen baita aterabidea gure nahiaren inposatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo