GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Jakoba Errekondo Paisajista

Harro nago

Harro nago. Askotan ez bezala, harro nago nire herriaz: Usurbil. Harro nago, gaur egun dugun ingurumen arazo latzenetako bati, usurbildarrok geronek sortzen dugun zabor eta hondakinei, alegia, heldu zaiolako. Diogulako. Gure etorkizun bakarra, gure ondorengo bakarra, ingurumena dela ikasten ari gara. Gu gara ingurumena. Bizi gaituen paisaiaren parte garrantzitsua geu gara. Guk sortua da den-dena: pinudiak, belazeak, erriberak... Dagoenerako ez dena ere geuk kendua da: hariztiak, padurak, bisiguak, haginagak... Geure esku dugu etorkizuna. Eta Usurbilgo herria jabetu da. Jabetu da arazoei berta-bertatik, kirtenetik, heldu behar zaiela.

Harro nago, Herriko Etxean herrigintzan ari diren herritar ausartak aurrera begira jarri direlako. Eta ausardia piztu da, baita lehertu ere... Eta usurbildar guztiok zipriztindu gaitu. Bizitzearen hondakinak geure ditugu. Hondakinok gobernatzeko gaur egun ezagutzen den aukera aurreratuena jarri du etxe guztietako mahai gainean Herriko Etxeak. Honetarako burutu den informazio kanpainak ez du alferrik publizitate sari bat jaso...

Aurreratuena, Urbil merkataritza gunea baimendu edo ez herritarrok erabaki genuen erreferendum hartatik golde bat harantzago, guk sekula santan ezagutu gabeko erabakitze ahalmena eman zaigulako herritarroi. Eta gizalegez erantzun da.

Aurreratuena, geure hondakinak atarira, hankapera, bueltan ekartzen dizkigulako. Garai batean atariz atari zaborra biltzen zuen asto-karroa gogora ekarri dit bihar abiatzekoa den bilketa berriak. Orduan, etxepe bakoitzean atarira ateratzen genuen zaborra, nahasian... Hankapetik kontainerretara eramaten hasi behar izan zenean ere baziren, gaur bezala, kontrakoak: alferkeria eta utzikeria nagusi. Hemendik aurrera geure zaborra gobernatzen etxetik bertatik hasi beharko dugu, gaika txukun-txukun sailkatuz eta behar den egunean atarira jaitsiz.

Aurreratuena, ekintza sinple eta erraz honekin gure hondakinen %80tik gora berrerabiltze bidean jarriko dugulako; hau da, mundu mailan hondakinak gobernatzen puntako herria izango gara.

Aurreratuena, hondakinak maneatzerako orduan ingurumenaren kalitatea delako baldintza garrantzitsuena. Ez errazkeria, ez nagikeria, ez ingeniarien haizea, ez teknikarien ezjakintasuna, ez politikarien lotsagabekeria, ez enpresarien patrikak, ez diru-kontu ziztrinak, ez...

Aurreratuena, aurrera begira jarriz gero, gure geroa ikusten dut, haurrak. Etorkizunaren otsoari belarrietatik heldu eta atez-ateko bilketarekin osasuna sortu eta zaintzen dugu, haurrentzako, etorkizuneko usurbildarrentzako. Osasuna etxean, kalean, paisaian, bizimoduan...

Nik auzokoarentzat eta hurkoak denontzat, aspaldiko auzolanik handiena egin da Usurbilen. Eta txikito, hasi besterik ez dugu egin. Gure herriko arazoak zain dauzkagu: baserriko produktuekin bidezko prezioak, nekazaritza ekologikoaren sustapena, errioko erriberak babestea eta abar luze bat. Eta erraustegia, Gipuzkoa eta Nafarroa erreko dituen erraustegia. Erraustegitik 21 km-rako tartean biziko garenok, patrikak berotu nahi dituztenen erokeria sufrituko dugu: minbizien gorakada izango da eragin nabarmenena, osasun elkarte eta unibertsitate sonatuen ikerketen arabera. Tarte honetan gaude Usurbil, Lasarte-Oria, Andoain, Urnieta, Orio, Hernani, Astigarraga, Oiartzun, Donostia, Pasaia, Errenteria, Lezo, Hondarribia, Irun, Aduna, Zizurkil, Villabona, Berrobi, Belauntza, Elduain, Ibarra, Tolosa, Hernialde, Anoeta, Asteasu, Larraul, Alkiza, Aia, Zarautz, Getaria, Arano, Goizueta, Leitza, Berastegi, Gaztelu, Orexa, Lizartza, Altzo, Orendain, Legorreta, Ikaztegieta, Alegia, Albiztur, Bidegoian, Errezil, Beizama, Azpeitia, Zestoa, Zumaia... 494.191 bizilagun, ia milioi erdi bat. Eta ez hauek soilik, non zaudete Euskal Herriko gainontzeko 682 herriak? Ari al zarete aurrera begira? Usurbildarrok laguntzeko prest gauzkazue.

Egunerokoari apal heldu, baino etorkizunari harro punttu batekin ekin behar zaiolako. Harro nago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo