Pello Urzelai 2009/3/8
Taula eta joko aldaketa
berria
(...) Bileraren emaitza ikusita, hau da, PSE-EEk lehendakaritza eskuratzeko aukerari ez diola uko egin nahi, EAJk kartak erakutsi beharra eduki du: PSE-EEri egindako proposamena jakinarazi du. EAJk, hala, agerian utzi nahi izan du alderdi sozialistaren anbizioa, Ajuria Eneko aulkia baino ez zaiola interesatzen, baina, aldi berean, bere burua ere agerian utzi du.
EAJk PSE-EEri aurkeztutako dokumentua alderdi sozialistaren neurrira egindako proposamen bat da, ezezkoa zaila jartzeko asmoz egina. (...) Lehen puntuan, «euskal gizartearen aniztasun politikoa» Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza lortu duten aukeretara mugatu du, ezker abertzalea aniztasun horretatik kanpo utzita. Orain arteko diskurtsoarekin kontraesanean. Bigarren printzipioa «ezberdinen arteko elkarrizketa eta lankidetzari» lehentasuna ematea da, hau da, transbertsalitatea lehentasun gisa. EAJren eskaintzaren beste puntu bat erakundeen egonkortasuna da, EAEko eta Espainiakoena. Hauteskunde programatik eta kanpainako diskurtsotik nabarmen aldendu da (...).
Negoziazioen hasierako mugimendu hauek nahikoak dira ikusteko zenbait asmo ezkutu. Adibidez, urteetako nagusitasunari eutsi ahal izateko, EAJri ezker abertzalea ahalik eta gehien indargabetzea interesatzen zitzaiola. Eusko Legebiltzarraren gehiengo osoa bere alde lortu izan balu, helburu hori errazago izango zukeen: ezker abertzaleak bi presio jasan beharko zituzkeen, batetik, legez kanporatzearen ondorio eta jazarpen polizialarena, eta, bestetik, Aralarrena (EAJren balizko gobernu baten sostengu nagusi bihurtuta, gainera). Baina txanpona beste aldetik erori da. Gehiengoa PSE-EEren aldean gelditu da, Estatuari Euskal Herrian duen posizioa sendotzeko aukera indartuz.. Paradoxikoki, egoera hau hobea izan daiteke ezker abertzalearentzat. EAJ oposiziora pasatuz gero, alternatiba independentista eratzeko aukera handiagoa izan dezake, presio politiko gutxiagorekin, bidearekin asmatuz gero. (...)
Muturreko egoera batean, ezker abertzaleak igandeko hauteskundeetan bildutako sostengua kontuan hartuta, oinarri sendo eta fidela duela erakutsi du. Oinarri hori, berez, agian ez da nahikoa egoera politikoa aldarazteko, baina abiapuntu bat izan daiteke mugimenduak egin ahal izateko. (...)