GARA > Idatzia > > Euskal Herria

«Autonomiaren udaberria», eztabaida eta ekarpenak loratzeko herri-ekimena

Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoak behar duten ezagutza instituzionala erdiesteko bidean autonomia «tresna egokiena» dela zabaltzeko xedez, 15 herritan eztabaida irekiak antolatu dituzte beste hainbat herritar taldek. Hilaren 20tik maiatzaren 7ra bitartean egingo dira.

p014_f02_148x108.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Hazparne, Donibane Garazi, Arbona, Bidarte, Biarritz, Urruña, Baigorri... Horiek dira maiatza bitartean autonomiari buruz egingo diren hamabost mintzaldi-eztabaidak hartuko dituzten herrietako batzuk. «Autonomiaren udaberria» izenpean beste hainbat herritar taldek antolatu ekimenaren fruitua dira.

Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoaren ezagupen instituzionalaren aspaldiko aldarrikapena indartzea da topaketen xedea. Eskakizuna ezagutarazteaz gain, autonomiaren kontzeptuan eta koadro instituzional horrek bideratuko lituzkeen ahalmenetan sakontzea bilatzen dute. Izan ere, hainbat esparrutako herritarrek uste dute autonomia dela «tokian-tokiko premiei aurre egiteko tresna».

Horregatik, mintzaldiak izango diren herrietako problematika berezien haritik eraman nahi dute eztabaida. Esaterako, Donibane Lohizunen arrantzaren arazoei edo Uztaritzen euskarak dituenei helduko diete.

Kontzeptu orokorra

Autonomia zentzu zabalean hartuta ere jorratuko dute. Ahetzen, adibidez, etorkizunerako Ipar Euskal Herriak zein tresna instituzional behar duen izango dute hizpide. Ezpeletan, berriz, autonomia bera zer den aztertuko dute. Herri honetan, gainera, beste ekimen batzuk antolatu dituzte, bertako taldeko kide Thierry Michelek azaldu zuenez, «Euskal Herrian bizi den orori, abertzale ez izaki ere, autonomia onuragarria den sistema dela ikusarazi nahi diogu, hitz eginez alor askotan bat gatozela ohartu baikara. Irekitasun hori islatzeko, munduko musika ezberdinak eskainiz kontzertua egingo dugu egun berean».

Kanpainaren antolatzaileek argi utzi zuten atzoko aurkezpenean autonomia «trantsiziozko bidea» dela. «Euskal Herria onartua, errespetatua eta bere erabakitze-ahalmena aitortua izateko eta hiru lurraldeen beharrei erantzuteko, autonomia da tresna egokiena, baina guk argi dugu gure helburu behinena independentzia eskuratzea dela», nabarmendu zuen Eñaut Elosegik.

Anartean, «eta Estatu frantsesaren etengabeko ukazio jarrerari aitzin egiteko», autonomiaren beharra karrikaratzen jarraitzeko «asmo irmoa» agertu zuen Elosegik, 80ko hamarkadan «zenbait herritarrek autonomiaren bidea plazaratzen egindako borrokari esker» eskakizuna gero eta gehiago hedatzen joan dela gogoratu ostean.

ZEHAZKETA

Biltzarretan parte hartzeko deia egin diete herritarrei. «Gogoetatu, ekarpenak jaso eta guztion artean beharko genukeen autonomia mota mamitu eta zehaztea inportantea da», nabarmendu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo