Oiartzun eta Lezoko udalek Atharratzeko ikastolarekin hitzarmena sinatu dute
GARA |
Oiartzungo eta Lezoko udalek 18.000 euroko ekarpen ekonomikoa egin diote Atharratzeko ikastolari atzo sinatutako hitzarmen bat dela medio. Zuberoako ikastolak 21 ikasle ditu soilik eta bere biziraupena arriskuan jartzen duten arazo ekonomiko larriak ditu.
Nazio Eztabaida Gunearen aterkipean sustatutako hitzarmena da atzo eguerdian Lezoko udaletxean sinatutakoa. Ekimen honek Euskal Herriaren biziraupen eta garapena du helburu, eta hori ahalbidetzeko Euskal Herriak dituen behar eta interesak aztertu eta nazio gisa erantzuteko dinamikak bultzatzen ditu. Hor kokatu zuen bertako kide Mikel Irastorzak Atharratzeko ikastolarekin sinatutako akordioa. Izan ere, Irastorzaren aburuz, auzolana, aldarrikapena baino haratago, gauzatu egin behar da eta atzo sinatutako hitzarmenak argi eta garbi frogatzen du hori.
Lezoko udaletxean egin zuten atzoko sinadura ekitaldia eta, bertan, Nazio Eztabaida Guneko kideez gain, Lezo eta Oiartzungo udaletako ordezkariek eta Atharratzeko ikastolako kideek hartu zuten parte. Karina Chimix ikastolako irakaslea da eta Zuberoan bi ikastola besterik ez daudela ekarri zuen atzo gogora.
Chimixek azaldu bezala, Atharratzeko ikastolak 30 urteko historia eta 21 ikasle ditu egun. Orotara 15 sendien artean egiten diete aurre ikastolako beharrei baina orain, aurrera egiteko, irakasle bat ordaintzea eta material berria ezinbestekoa dute. Horri aurre egiteko asmoz, Nazio Eztabaida Gunearekin harremanetan jarri ziren. Sinatutako akordioa «zinez garrantzitsua» dela aitortu zuen atzo Chimixek eta, diruaz haratago, bidean sortzen diren harremanak goraipatu zituen.
Atharratzeko ikastolako ordezkariarekin batera, Lezo eta Oiartzungo udaletako kideak ere pozik agertu ziren akordioarekin. Gainera, harreman hau ez dela hitzarmen honetara mugatuko adierazi zuen Idurre Berak, Oiartzungo Udaleko Kultura zinegotziak. Horren erakusle, ekainaren 21ean bi herriotan hitzarmena ospatzeko jaialdia egingo dutela aurreratu zuen.
Lezoko alkate Haritz Salaberria izan zen hitza hartzen azkena. Hain zuzen ere, elkarlana guztiontzat izango dela «aberasgarria» defendatu zuen. Horrez gain, Euskal Herriko udal eta erakunde guztiei zuzendu zitzaien era honetako ekimenak abian jar ditzaten eskatzeko.