Maite Ubiria Kazetaria
Diru ezkutuaren paradisuak eta gizartearen infernua
Manhattanen duen luxuzko apartamentua atzera utzi eta kartzelan ganbera propioa estreinatu du Madoff-ek. Aberatsa txiroen ingurunean irudikatzeak kili-kili bihurriak sortzen dizkigula ezin ukatu. Alabaina, tentuz ibili, finantza krisiaren ardurak sinplifikatzeko erabil baitezakete auzia. Bestalde, gaiztoa (oraingoz) kaiolan izanik, tamaina guztietako madoff-ek aise segituko dute joko zikina.
Downing Street-en, irudiz, lasaitasun puntu batekin hartu dute finantza marrazoaren kartzelaldia. «Gutako bat» sakrifikatzeak katarsia egiteko balio al dezake? Auskalo. Zerbait segurtzat jo daiteke: udaberri atarian etxeko garbiketa irudikatzeko erabilgarria da oso afera. Finantzetako zuritzaileek Texaseko harrapari dotorearen bizkar gainean hautsa kendu dute.
Izan ere, krisiari aurre egiteko sistema bere osotasunean hartu behar dela agerian da. Eta behar hori ez dute mugimendu ezkertiarrek soilik nabarmentzen, «etengabeko aberastea» oinarri duen eskema ekonomikoaren kudeatzaileek ere bai.
Munduko 20 herrialde aberatsenak biltzen dituen G20 taldeak badu mahai gainean kapitalismoak erabiltzen dituen paradisu fiskalen gaineko txostena. Orain arte, gobernuz kanpoko erakundeek, sindikatuek eta herri mugimenduek salatu dituzte gehienetan iruzur fiskalak sortzen dituen kalteak.
Tankera horretako kexek oso oihartzun txikia lortu ohi dute hedabideetan. Alta, krisiaren eraginez, Madoff-ek erabili dituenak bezain jokabide zitalak baliatzen dituzten «beste hiritarrengana» joan dira begiradak.
Alta, susmoa dut apirilean Estrasburgen bilduko diren NATOko gerrillariek zein maiatzean Berlinen elkartuko diren G20 taldeko buruzagiek ez dutela paradisu horien geroa kinka larrian jarriko. Armak zein propaganda politikoa erabiliz Madoff-ek irudikatzen duen eredua sostengatzen dutenek nahiago dute, bai, iruzur egin.
Hartara, errazagoa izanen da gizarte sarea ahultzea eta zerbitzu publikoak murriztea... Frantzian jatorri duten 15.000-20.000 milioi arteko altxorra berreskuratzeko «erreforma» bultzatzea baino. Noiz aurkeztuko du Sarkozyk frantziar Gizarte Segurantzak duen defizit osoa ordaintzeko balio lezakeen dirutza hori «erreskatatzeko plana»?