GARA > Idatzia > Iritzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Bildotsen isila

Aldaketak datoz mundura, nor den herriak badaki...». Aldaketak abian dira gurean. Ez, ez nago ohiko politikaz, Jainkoak anpara nazala horretan! non edo non Jainkorik balego sikiera; inon ez delakoan nago, elizako sukaldean ez bada. Biodibertsitateaz nago, hemengo espezie batzuetan nabaritzen hasiak diren aldaketez, hain justu. Baina ez, ez nago darwinismoaren olatuak harrapatuta, ez horixe, kasualitateaz etorri dira denboran bat teoria horren ez dakit zein urteurren horrena eta ni gurean igartzen nagoen espezieon aldaketa horiena. Beraz, begiratu arren ez ikusi kausalitatea kasualitatea baino ez den lekuan; dena dela, irakurle zaren hori, ondo dago bi horien arteko lehenengoari lehentasuna ematea, badaezpada ere, eta ez dut hau kasualitatez esan.

Tira, non nengoen? A, bai, espeziena. Begira, izena gogoratu nahi ez dudan monarka baten kopa helburu, Athleticek lehengoan jokatu zuen partidaren atarian eta Katedraleko atekoan, finalerako txartela eskuratu zueneko horretan, dozenaka bildots suertatu ziren txingarretan erreak; jakina, suertatu aditza ez zuten berdin ahoskatuko larrua sutan zeukanak eta ahoa bete bildoski «zu zara nagusia» txirimizkatzen saiatzen zenak. Total, bildots askok ez zuen partidako emaitzaren berri jakiteko aukera izan, ikusleen ahotik ahora korrokadatxo moduan berdegunearen inguruan partida osoan egon arren.

Baina kontua zein eta, Athletic finalean dela! Akabua! Euskal larretan ziren bildotsen artean itzelezko izua zabaltzen hasi zen gau hartan, eta elizetan gordeta dauden gabonetako jaiotzetakoen artean ere, besteenean beste. Larre-ondoko basoak ere urduriak jota daude, zenbat zuhaitz ez ote duten egur bihurtuko, urduri. Apenas entzuten da larreetan «zu zara nagusia dioen» bildotsik; ukuiluetan gehiago entzuten da, jakina, sutarako izan baitira heziak. Ez da, beraz, harritzekoa Hegoaldeko larreetako bildotsek Iparralderako bidea hartu izana, isilean, errugbiagatik.

Baina ez da egunotan ageria den transhumantzia bakarra. Lakuako bulegoetatik beste bat dago abian, goi-karguen transhumantzia! Nabaria da influentzien trafikoaren gorakada errepideetan. Irteera operazioa dute hau, itzulera operazioaren lehen urratsa, seguruenik.

Baina horren bitartean hara! transhumantziara! bulegoetako tiraderak hustuta, mahai gaineko argazki zaharrak bilduta... urrunera artzain joan zirenak gogoan, baina ardikarrorik gabe...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo