Euskal derbia
Europako ametsa utzi eta ACB Ligako errealitatean esnatzeko ordua
BILBAO BASKET-TAU BASKONIA
A. G. | BILBO
Europako ametsak eta kontuak izan dituzte aste honetan Iurbentia Bilbao Basketek eta Tau Baskoniak. Alabaina, ACB Ligako ohiko errealitatera itzultzeko esnatzea komeni zaie nola batzuei hala besteei. Gaur eguerdiko derbiak, Bizkaia Arena beste behin leporaino beteko duen neurketak, zentzu guztiak adi-adi izatera behartuko ditu jokalariak.
«Tau eta Bilbao Basketen arteko derbiak oso politak dira. Jende asko hurbiltzen da eta, aparteko giroa sortzen denez, asko motibatzen gara», esan du asteon Mirza Teletovicek Tauko pibotak.
Olympiakosen aurka ezustean galdu eta gero, talde gasteiztarra Barakaldora amorraturik azalduko dela dirudi. Teletovicen ustez, «gaizki egindakoa konpontzeko baliatu behar dugu derbia. Gainontzean, azken neurketa atzean utzi behar dugu».
Dusko Ivanovicen aburuz, berriz, «defentsa lan ona berreskuratu behar dugu batez ere. Hori egin eta erasoan pazientziaz jokatzen badugu, aukerak izango ditugu, nahiz eta lehia azkenera arte ez den erabakiko».
Kanporaketei begira
Bestetik, Lietuvos Rytasen aurka irabazi ostean, pozarren daude Bilboko beltzezko gizonak. Orain, ligako zortzigarren postua dute xede Vidorretarenek kanporaketetan sartzeko.
«Oraindik Fuenlabrada hartu behar dugu etxean. Beraiek aurreratzeko aukerak izateko, Tauri irabazi behar diogu lehenik», nabarmendu du Vidorretak.