GARA > Idatzia > Kirolak > Errugbia

Amets egiten jarraitu ahal izateko balio duen garaipena erdietsi du Avironek

AVIRON 14

DAX 9

Jon LEUNDA | BAIONA

Avironek garrantzi handiko garaipena erdietsi zuen atzo Daxen aurka, baina Akizeko taldeak galtzak bete lan eman zizkion partida guztian zehar. Atsedenera ere, Landetakoak aitzinetik joan ziren, nahiz eta bigarren zatian horri buelta emateko gai izan ziren zuri-urdinak.

Norgehiagoka ez zen ona izan, bi taldeek erasoan ez baitzuten ezer erakusterik izan. Horrenbestez, Jean Dauguer zelaia bete zuten zaleek ez zuten gehiegi gozatzerik izan. Lehen zatian kanpotarrak hobeto aritu ziren, ongi egin zuten presioa aurrealdean, eta lapurtarrak jokoz kanpo izan zituzten une askotan.

Etxekoak aurretik jarri ziren zigor bat gauzatu ostean, baina hortik aurrera Landetakoak hobeto aritu ziren. Hala, ostikoen bidez partidari buelta eman zioten eta 3-6 aitzinetik joan ziren atseden hartzera.

Aldageletatik bueltan, Avironek esnatu beste erremediorik ez zuen izan, bestela garaipena oso garesti izango zuelako. Jokoa hobetu egin zuen, eta Akizekoak atzeraka joan behar izan zuten. Bigarren zatia hasi eta berehala, Hegik lehen entsegua egin zuen, eta horrekin markagailuari buelta eman zioten etxekoek. Hala, lasaiago aritzeko aukera izan zuten, joko bikainik egin ez bazuten ere. Dax gauzak estutzen ahalegindu zen, batez ere azken minutuetan, baina zuri-urdinek aldeari eusteko modua egin zuten, eta amaieran garaipen garrantzitsua erdietsi ahal izan zuten.

Horrenbestez, datorren urtean Heineken Kopa jokatzeko ametsa geroz eta gertuago dago, eta finalerdietarako txartela ere oraindik posible da Baionarentzat.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo