Egoera larriak topikoa betetzera behartzen du
EIBAR-SALAMANCA
A.U.L. | EIBAR
Entrenatzaile berri batekin garaipena ziurra dela dioen topikoa beteta, Eibarrek beste urtebetez Bigarren Mailan jarraitzea ahalbidetuko dion bide gogorraren lehen urratsa ematea espero du gaur.
Josu Uribe entrenatzaile berriari entzunez, argi dago gorri-urdinak helmugara heltzen ez badira, ez dela jarrera kontu batengatik izango. Izan ere, horixe da Uribek gehien landu nahi izan duena asteazkenean Ipuruara heldu zenetik. Bere jokalarien harrera, gainera, ezin hobea izan da asturiarraren esanetan. «Astean zehar lan egin dugun bezala jokatzen badugu, gauza onak egin ditzakegula uste dut», esan zuen.
Gauza on horien zelai gaineko sinonimoak intentsitatea eta kemena dira. «Sendo arituko gara, talde intentsua izanez -aurreratu zuen Uribek-. Orain arte egin denarekin konparatuz ez dira sekulako aldaketak egongo, baina argi daukagu zeri eman behar diogun garrantzia: jendeak lehen minututik ikusi behar du bizitza jokoan daukagula eta sekulako esfortzua egin behar dugu azken unera arte. Gero gauzak irteten ez direla? Izan daiteke, baina inork ezin digu esan hil arte saiatu ez garenik. Gainera, zelai gainean arima uzten badugu, gure indar guztiak uzten baditugu, errazagoa izango da gure helburua lortzea», azpimarratu zuen.
Uribek, gainera, garrantzi berezia eskaini zion Salamancaren aurkako neurketari, ziklo berri baten lehena delako eta, batez ere, Ipuruan jokatzen delako. «Salbazioaren gakoa Ipuruan dago. Kanpotik puntuak ekartzen ere saiatuko gara, baina gure arrakasta etxean oinarritu behar dugu batez ere», adierazi zuen.
Debutak
Aldaketa handiegirik egingo ez duela aurreratu zuen, bestetik, entrenatzaile armagin berriak. Egon, egongo dira, hala ere. Lehena, atean bertan, Zigor errekuperatu den arren, Pampin estreinatuko baita hamaikakoan Arrigorriagakoa ez behartzeko, asteartean operatu baitzuten.
Gainontzeko titularrei dagokienez, Uribek ez du pista gehiegirik eman astean zehar. Hala ere, gaurko hamaikakoa erasokor xamarra izango dela dirudi. Carlier eta Arruabarrena hasieratik arituko dira eta baliteke Ismodes ere hamaikakoan izatea kamiseta gorri-urdinarekin lehen minutuak jokatuz.
Bere egoera ikusita Eibarri gutxien axola zaiona aurkaria den arren, gaur kontu berezia izan beharko du, Salamancaren aurka neurtuko baititu indarrak. Igoeraren trena ez galtzeko, irabazi beharra du Salamancak eta, horretarako, etxetik kanpoko ibilbidea sendotu beharra dauka, itzuli osoa baitarama bisitari gisa irabazi barik.