GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Berezkoen Buruz Buruko Txapelketa

Ezkurrak txapelik gabe eta erietxean amaitu du finala

Paxkalek sekulako ukabilkada eman zion beirazko ateari, eta atea eta eskua, biak txikitu zituen.

p047_f01_60380.jpg

WALTARI 20

EZKURRA II 2

Jon LEUNDA | BAIONA

Tristea, oso tristea izan zen atzo Modernean jokatu zen finala, inoizko tristeenetakoa bai. Finala amaitu ere ez zen egin, Ezkurrak min hartu zuelako, baina ordura arte ere ez zen jokorik ikusi, kubatarren agintea erabatekoa izan baitzen.

Hala ere, amaiera horrelakoa izango zenik inork ez zuen usteko. Paxkal Ezkurrak bigarren kintzea egitea lortu zuenean amaitu zen dena. Urruñakoak, gibeleko sarera joan zenean, bertan zegoen beirazko ateari sekulako ukabilkada eman zion, beira txikitu egin zuen, eta harekin batera baita eskua ere. Hala, erietxera eraman behar izan zuten osatzeko.

Odol asko bota zuen lapurtarrak eta ebakiak ere handi samarra ematen zuen. Ikusi beharko da zenbatekoa den lesioa, baina hastear dagoen Berezkoen Binakako Txapelketa jokatu gabe geratzeko aukera handiak ditu, zaila izango baita esku hori jokatzeko moduan horren azkar jartzea. Osatzen bada, askoz hobe, baina atzokoa ikusita zaila dirudi, nahiz eta lesioa zenbatekoa den jakin arte ez dagoen ziurtasunez ezer aurreratzerik.

Ordura arte ikusitakoa ere ez zen handia izan, trinketean Waltari bakarrik ikusi baitzen. 20-2 markagailuan, eta hamabi minututan bakarrik! Horrek dena esaten du. Pilota biziekin eta Moderne bezalako trinket azkar batean, ezer gutxi egin daiteke kubatarraren aurka, eta atzo horixe gertatu zitzaion Paxkal Ezkurrari. Aitzinetik hasi zen. Sakea berari egokitu zitzaion, baina hurrengo jokaldian amerikarrak berdindu egin zuen, eta akabo, hogei kintze egin zituen erreskadan.

Ezkurrak ez zuen ia ezer egiteko aukerarik izan, eta bigarren tantoa lortu zuenen haserre guztia bota zuen, oso garesti ordain dezakeen ukabilkadarekin. Paxkal lasaia da, buruz oso gogorra, azkar etsitzen ez duen horietakoa, baina atzokoan presioak gainditu egin zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo