Bilboko Arte Ederretako museoak bere papera azaleratzen dihardu
Oso euskarri hauskorra omen da papera artean, modu iraunkorrean erakusteko. Eta Bilboko Arte Ederretako Museoak paperean egindako sei mila obratik gora ditu bilduman. Lan hauen erakusketa monografikoak antolatu eta obrak ikertzeko asmoz, «Artearen Papera» izeneko programa abiatu zuen Museoak, eta gaur zortzigarren atala jarri dute ikusgai, XIX. mendearen bukaeratik XX.aren erdialdera bitartean egindako lanak biltzen dituena, Cezannetik Legerrera.
Anartz BILBAO | BILBO
Euskarria kontuan hartuta, argiarekiko eta hezetasun zein tenperatura aldaketekiko sentsibilitate handia dutenez, modu iraunkorrean erakusteko oso lan hauskorrak dira paperean egindakoak. Eta akuarela, kartel, collage, marrazki, grabatu, pintura eta argazki, paperean egindako sei mila obratik gora ditu bere bilduman Bilboko Arte Ederretako Museoak, ikusgarriak eta oso interesgarriak asko eta asko.
Lan hauek artezaleei erakusteko asmoz «Artearen Papera» izeneko programa jarri zuen abian Museoak, eta zortzigarren erakusketa ireki du gaur, XIX. mendeko 1970eko hamarkadatik XX. mendeko Lehen Mundu Gerra bitarteko lanekin. Modu honetan gainera, bilduma ikertu eta erakusketari buruz argitaratu duen katalogoaren bitartez, ondare hori jendaurrean eta adituen aurrean jarri du Arte Ederretako Museoak.
Erakusketak 2007an erakusgai izandako «Goyatik Benlliurera» izenekoari jarraitzen dio kronologikoki, eta Cezannetik (1839-1906) Legerrera (1881-1955) bitarteko obrak jasotzen ditu, bi maisuak muga hartuta.
Berrogeita hiru artisten ehun eta hamabost obra biltzen ditu erakusketak eta Museoko Erakusketa Saileko Javier Novo Gonzalez izan du komisario. Marrazki, akuarela, gouache, grabatu eta pastelei esker, kubismoaren hasierak eta loraldia ikus daiteke, eta ugaritasun tematiko eta estetiko handiko garaia zela ederki sumatzen da.
Eskegita dauden obren artean, Bilboko eta Euskal Herriko margolari ugariren lanak: Arteta eta Arrue anaiak, Adolfo Guiard, Anselmo Guinea, Manuel Losada eta Ignacio Zuloaga, esaterako. Baita kanpoko margolari interesgarrienetako batzuk ere: Francisco Iturrino, Joaquin Torres Garcia, Ricard Canals, Daniel Vazquez Diaz, Georges Rouault, Jose Gutierrez Solana, Pablo Picasso, Louis Marcoussis, Oskar Kokoschka, Paul Cezanne eta Fernand Legerrenak, kasu.
Ikuspegi artistiko zabala
XIX. mende bukaeran eta XX. mende hasieran, Parisen, artearen hiriburuan, inpresionismoaren eta geroxeago kubismoaren garapenak ikuspegi artistiko berria ekarri zuen. Gainera, merkatu artistikoa sendotu egin zen eta paperean egindako lanei dagokionez, aurrerakuntzak egin ziren grabatuaren teknikan.
Jarrera apurtzaile horiekin batera, estetika akademizistak bizirik iraun zuen, eta honen barruan, ohiturazko gaiak, gai historikoak, erretratuak eta paisaiak. Eta ikuspegi guzti hauek badute tokia dagoeneko ikusgai dagoen erakusketan. Piezarik aipagarrienen artean, berriz, Cezannek -arte modernoaren aita- bainulariei buruz egindako bi errepresentazio daude.
Museoaren bilduma jendeari erakusteaz gain, lanak ikertuz argitaratzen den katalogoaren bitartez, ondare hori jendaurrean zein adituen aurrean azaltzea ere helburu du erakusketak.
Bilboko Arte Ederretako Museoa 2005ean hasi zen bere paperak azaleratzen, «Marrazkiak eta grabatuak. XV-XVIII. mendeak» erakusketarekin. Urte berean, eta Bancajaren laguntzarekin, «Picasso: Ausikien kutxa» ere jarri zuen ikusgai, malagar maisuak paperean egindako lanekin (gaur ireki erakusketan ere Picassoren beraren «Merendero» lana dago, aro urdina hastear zela, Parisera iritsi zen urtean, 1900ean egindako pastela).
2006an paperean egindako lanen beste bi erakusketa izan zituen Bilboko Museoak. «Iluntasun ikusgarria. John Martin (1789-1854). Campbell bildumako estanpak eta marrazkiak» bata, eta «Carlos de Haes. Marrazkiak eta grabatuak» bestea. Margolari erromantikoaren lanekin bata eta errealistaren obrekin bestea.
Urtebete geroago, beste bi eskaintza egin zituen Arte Ederretako Museoak, «Picasso. Suite Vollard» eta «Goyatik Benlliurera» izenekoak. Azkena, iragan urtean: «Picasso eta liburuak» -kubismoaren maisuari eskainitako hirugarrena-. Zortzigarrena da, beraz, gaur ireki den «Cezannetik Legerrera» erakusketa, kronologian «Goyatik Benlliurera» izenekoari jarraitzen diona.
Lekua: Arte Ederretako Museoa (Bilbo).
Data: Ekainaren 14ra arte.
Erakusketa: «Artearen papera (VIII). Cezannetik Legerrera».
Garaia: XIX. mendeko azken hamarkadak-XX. mendeko lehenengo erdia.