GARA > Idatzia > Kirolak > Errugbia

«Bi taldeok asko dugu jokoan, eta biontzat izango da partida zaila»

p042_f01.jpg

Jean Michel GONZALEZ

Biarritzeko entrenatzailea

Jean Michel Gonzalez gaurko gaua heltzeko irrikaz dago, lehen aldiz jarraituko baitu aulkitik euskal derbi bat, bera entrenatzaile nagusia dela. Partida, gainera oso garrantzitsua izango da bi taldeentzat. Bai zuri-urdinek bai zuri-gorriek datorren urtean Heineken Kopan aritu nahi baitute, eta une honetan zaila dirudi biek hori lortzea. Gaur irabazten duenak urrats garrantzitsua emango du aitzinera.

Jon LEUNDA |

Egun berezia izango da gaurkoa Jean Michel Gonzalezentzat, Biarritzeko entrenatzailearentzat. Beti dira bereziak derbiak, baina berak lehen aldiz biziko du aulkitik, orain arte zelaitik bizi izan baititu, eta bi aldeetatik gainera, Avirongo eta Biarritzeko jokalaria izan baitzen.

Azken urteetako derbirik garrantzitsuena al da gaurkoa?

Nik hala uste dut. Bi taldeak gaude goian, eta bien helburua Heineken Koparako txartela lortzea da, Europako lehiaketarik garrantzitsuenerako txartela, alegia. Normalean Biarritz beti hor goian ibili izan da, eta aurten Aviron ere bai. Uste dut festa handia izango dela, puntu oso garrantzitsuak dira jokoan.

Zeuretzat ere berezia izango da ezta?

Bai, dudarik gabe, eta hainbat arrazoirengatik. Biarritzera etorri aurretik Baionan aritu nintzen. Jokalari gisa bi aldetatik bizi izan ditut derbiak, eta gaur lehen aldiz entrenatzaile gisa. Derbiak beti dira ederrak, edozein lekutatik bizitzeko ere politak dira, baina gaur asko daukagu jokoan. Orain Biarritzen nago, eta puntuak behar ditugu. Irabazten badugu, gure helburuetara heltzeko urrats bat aitzinera emango dugu, bestela gauzak asko okertuko dira.

Ezinezkoa ikusten al duzu bi euskal taldeak datorren urtean Heineken Kopan aritzea?

Ezinezkoa ez, bi taldeok ditugu aukerak, eta horiek dauzkagun bitartean ezer ez da ezinezkoa. Gero, ordea, hori biok lortzea zaila ikusten dut. Une honetan Aviron seigarren dago eta gu zazpigarren, eta lehen seiak sailkatzen dira. Beraz, gu biotako inork ezin du hutsik egin, eta aurrekoak bai, eta hori ez da erraza izaten. Gaur gainera elkarren aurka arituko gara, eta garbi dago bietako batek huts egin beharko duela.

Azken hamarkada luze honetan Biarritz izan da euskal errugbiaren ikurra. Orain Aviron ere gora heldu da. Euskal errugbiaren etorkizunerako gauza handia da hau ezta?

Bistan da. Urte asko daramatza Biarritzek hor goian. Aviron, aldiz, bigarren mailan ere aritu da, eta maila nagusira heltzeaz gain, orain onenen artean sartu da. Nik uste dut ona eta beharrezkoa zela gure kirolarentzat.

Nolako derbia iragartzen duzu gaurko?

Zaila, bientzat, ordea. Bi taldeok dugu asko jokoan, bien helburuak baitira handiak, baina bestela ere partida hauek zailak dira, badakizu, derbietan beti irabazi nahi izaten da, auzokoa menderatu, eta normalean norgehiagoka zailak izaten dira bi taldeentzat.

Une zailean heldu zinen Biarritzera, taldea gaizki baitzegoen. Badirudi horri buelta eman diozuela. Zer gertatu da?

Ez da izan aurtengo kontua bakarrik, iaz ere ez zuen Biarritzek denboraldi ona egin. Badakizu urte askotan goiko muturrean ibili da, jokalari batzuk aldatu dira, eta gero gauzak ez dira ongi atera. Orain horri itzulia eman diogu, eta emeki-emeki gorantz goaz. Hori da berririk garrantzitsuena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo