GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Hautetsi taldea osatuko dute, «bat eginik» AHT linearen aurka borroka egiteko

AHT linea berriaren proiektuak kezka pizten du Lapurdin. Joan den ostegunean Hiriburun proiektuaren inguruan izan zen bileran mila bat lagun elkartu zen. Egitasmoaren aurkako hautetsien elkartearen sorrera aipatu zen, eta horrelako komiteak sortzeko deia zabaldu zuten.

p019_f02.jpg

Ainize BUTRON |

CADE ingurumenaren defentsarako elkarteen kolektiboak deituta, AHT proiektuaren berri emateko bilkura publikoa egin zuten ostegun gauean Hiriburun. Eta, ustekabean, Hiriburu inguruetatik eta Landen hegoaldetik hurbilduriko mila bat herritar elkartu ziren. «Bilera hori ikusgarria izatea nahi genuen, eta proiektuak ukituko dituen herri guztietako herritarrak bertaratzera gomitatuak genituen», argitu zuen Victor Pachon CADE kolektiboko lehendakariak bilkuraren garrantzia nabarmenduz.

CADE kolektiboko kideekin batera, Ipar Euskal Herria Hegoaldeko, Errobi, eta Aturri-Errobi herri elkargoetako hautetsi gehienak ere izan ziren, horien artean, Alain Iriart Hiriburuko auzapez eta kontseilari nagusi, Pierre Guillemotonia Lehuntzeko auzapeza eta Robert Lataillade Ahurtiko auzapeza.

AHT proiektuari buruzko informazioa zabaltzeaz gain, Victor Pachonek herriz herri antolatzeko beharra goraipatu zuen. «Proiektua bultzatzen dutenak egutegia aitzinatzen ari dira. Ezinbestekoa da erne egotea, eta horretarako erresistentzia komiteak sortu behar dira» deia zabaldu zuen ostegun gaueko bilkuran. Ekitaldian, jadanik, bi elkarteen sorrera iragarri zen: AHT proiektuaren aurkako hautetsien elkartea, eta, Saint Martin de Seignanx Landen Iparraldeko herriko komitea.

Dei hori zabaltzearekin, hautetsiek hitza hartu zuten bilkuran, bide batez proiektu bultzatzaile eta epaile gisa azaltzen den RFF (Estatu frantseseko burdinbidearen kudeatzailea) egiturarekin eztabaidatzen jarraitzeko gogo eza nabarmentzeko. «Proiektua 2020an gauzatzekotan badira ere, jadanik urratsak ematen ari dira, eta horren froga da Suprefeturako bilkura», eman zuten aditzera.

Atzo bertan, hautetsiak bilkura batera deituak ziren Baionako Suprefeturan linearen balizko ibilbideaz hitz egiteko. Proiektuaren bultzatzaileek antolatu bilkura horretarako gomita bezperan jaso zuten hautetsiek, eta gehienak bilkurara joatearen aurka agertu ziren.

Lau hilabeteko epea

CADE kolektiboak, berriz ere, AHT linea berria sortzeko RFF egiturak emandako trafiko datuak guztiz zapuztuak izan zirela salatu zuen. Eta, horretan, gaur egungo Baiona eta Hendaia artean dagoen lineak tren garraio emendatzea bere gain hartzen ahal duela berretsi zuen. «Behin eta berriz eskatu dugu ikerketa independentea egin dadin eskatu dugu. Egina izatea itxaron baino, gure kabuz egitea erabaki dugu», argitu zuen berriz. Suitzako Eskola Politeknikoko adituei eskatu die CADEk ikerketa independentea egitea. «Beraiek zuten, AHTri buruzko eztabaida publikoa izan zelarik, ikerketa bideratu, baina, garai horretan RFFek eskatu galdera zehatz bati erantzun zioten. Eta, jadanik, garai horretan egiturak plazaratu zituen datuak txartzat eman zituen», gaineratu zuen Pachonek. Oraingo honetan Suitzako adituek bi galderari erantzun beharko diote: krisiaren eragina trafikoaren aurreikuspenetan, eta RFFek bere garaian bazterrera utzi zuen egungo burdinbidearen berritzearen agertokia aztertzea.

Ostegunean esan zutenaren arabera, ikerketa hori lau hilabete barru bukatua izango dute. Bitartean, borrokarekin jarraituko dute CADE kolektiboa osatzen duten elkarteek. Jadanik, zenbait hitzordu finkatu dituzte. Ondoko ekaineko Europako hauteskundeen karietara, hautagai guztiei gai horri buruz hitz egitea eskatuko diete. «Beste hainbat bilkura izango dira tartean. Gure argudioak Michele Alliot-Marie Defentsa ministro frantziarrari emanak dizkiogu, berak eskaturik», argitu zuen.

Victor Pachonek ez zuen oraindik egitekotan diren bileren berri eman nahi izan, baina, halere, ondoko hilabeteetan Hiriburun joan den ostegunean izandakoaren tankerakoa egitekotan zeudela nabarmendu zuen. «Bilkura hori ziur asko Basusarrin eginen dugu, eta Hiriburun izandakoa bezain ikusgarria izatea nahi dugu», amaitu zuen.

Hauteskundeak

Ondoko ekainean Europako hauteskundeetara Estatu Frantseseko Hego-Mendebalde handia eskualdean aurkeztuko diren hautagaiengana jotzea erabaki dute AHT proiektuaren aurkakoek, beraien iritzia eman dezaten.

Herriak

Hiriburuko bilkuran Lapurdiko zazpi herri elkargoetatik hiru ordezkatuak ziren. Hiriburutik, Lehuntze, edota Ahurtira arte, hautetsi gehienak zeuden bilkura publiko horretan, eta elkartean sartzeko asmoa azaldu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo