Wimax antenen aurkako komiteek bat egin dute, indartzeko
A.B. |
Kontseilu Nagusia zenbakizko konexioa etxe guztietara zabaldu nahian Wimax sistema ezartzen ari da herri askotan. Egoera horren aitzinean kolektiboak osatu dira sistemak arriskurik ez duela froga dadin eskatzeko eta, teknika ahula eta gainditua dela ohartarazteko. Urte batez tokian tokiko informazio kanpainak egin ostean, herri guztiek komite bakar bat osatu dute eta, atzo mezu zabal bat helarazi nahi izan zieten herritar, hautetsi eta Kontseilu Nagusiari.
Hazparne, Garazi-Baigorri, Iholdi, Oztibarre, Itsasu, Aiherra, Uharte Garazin, Mehaine eta Xiberoako komiteetako ordezkariek hartu zuten parte atzoko agerraldian.
«Beste komite asko osatzen ari dira emeki. Horrek herritarren artean egiten dugun informazio lana garrantzitsua dela frogatzen du», azaldu zuen Iholdi-Ostibarreko komiteko kide Ainize Madariagak.
Halere, komiteek frogatutako arazoen aitzinean denek ez zutela erantzun esan zuten. «Garazi-Baigorriko Herri Elkargoak adibidez bere gain hartu du herritarren artean inkesta bat burutzea eta alternatiba posibleak aztertzeko prest agertu da. Beste askok, berriz, bilkura publikorik ere ez dute egin nahi», salatu zuen komiteak.
Bilkura publiko bat egingo dute apirilaren 16ean, eta, herritar oro bertaratzera deitu dituzte. Horretaz gain, informazioa zabaltzeko blog bat sortu berri du Komite bateratuak, bertan, hitzordu guztiak eta herrietan gauzatzen ari diren borroken berri ematen dutelarik.
Azkenik, Kontseilu Nagusiko lehendakariari bilkura bat egiteko eskakizuna egin diote.