GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Berezkoak

Txapeldunak faborito dira Moderneko deman

J.L. | DONOSTIA

Berezkoen Binakako Txapelketako norgehiagoka jokatuko da gaur Moderne trinketean, Baionan, 18.00etatik aurrera. Bertan Etxeberri eta Harizmendi, Ibarrolaren eta Ozafrainen aurka ariko dira.

Norgehiagoka garrantzitsua izango da bi bikoteentzat. Ibarrolak eta Ozafrainek, egungo txapeldunek, jokatutako bi partidetatik bat irabazi eta bat galdu dute. Beraz, gaurko garaipena lortzen baldin badute, gutxienez, finalerdietan izateko aukera handiak izango dituzte, eta zuzenean finalean sartzeko modua ere izan dezakete. Galduta, berriz, finalerako sailkatzea ia ezinezkoa izango lukete, eta finalerdietan sartzeko ametsa ere apur bat okertuko litzaieke txapeldunei.

Etxeberriren eta Harizmendiren kasua, bestelakoa da. Partida bakarra jokatu dute, eta bertan mendean hartu zituzten Larretxea eta Waltari. Beraz, galtzeko ezer ez dutela kantxaratuko dira gaur arratsaldean.

Irabazten baldin badute, sekulako urratsa emango dute. Finalerdietan izateko txartelaren erdia izango lukete eskuetan, eta finalerako ametsak ere indarra hartuko luke. Galduta, ez da ezer gertatzen, puntu batekin geratuko baitira. Gaurko partida irabazteko faborito nagusiak Ibarrola eta Ozafrain dira. Aurrelariaren lana erabakigarria izan daiteke. Berak, sakearekin asmatzen baldin badu, min handia egin dezake, eta hortxe apurtu dezake neurketa. Beste aldean, gauzak ongi hasten badira, oso bikote arriskutsua izan daiteke, baina gauzak okertzen hasten baldin badira, azkar etsitzen du Etxeberrik, eta hori izango da Ibarrolaren eta Ozafrainen helburua, neurketa azkar apurtzea.

Paxkal Ezkurra

Paxkal Ezkurra ongi ari da osatzen, eta sendagileek uste baino hobeto doaz gauzak. Jadanik puntuak kendu dizkiete, eta egunero ari da osatze lanak egiten.

«Nik neronek uste baino hobeto doaz gauzak», adierazi zuen Urruñako atzelariak. «Egunero goiz osoa pasatzen dut sendagileekin, nire besoarekin lanean. Jadanik puntuak kendu dizkidate, minik ez dut sentitzen, eta gustura nago. Gauzak ongi doaz», gaineratu zuen.

Hasiera batean sendagileek pilota ukitzeko gutxienez sei hilabete beharko zituela esan zuten, eta gainera, kirol honetan jarraitzeko moduan izango zenik ez zioten ziurtatu, baina lapurtarrak, orain ez dauka zalantzarik: «Gauzak nola doazen ikusita, sei hilabete baino lehenago jokatzen ere has naitekeela uste dut, baina ez dut presarik izan nahi. Oraingoz, gauzak nola doazen ikusita oso kontent naiz, eta lanean jarraitu behar dut», adierazi zuen. Animo aldetik ongi dago, eta nola osatzen ari den ikusteak indar gehiago ematen dio: «Animo aldetik ongi nago, babes handia jaso dut, eta garrantzitsua da. Orain nola osatzen ari naizen ikusita, indar handia hartzen ari naiz», azaldu zuen atzelari lapurtarrak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo