GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Ibai Iriarte San Vicente EGK-ko Gipuzkoako koordinatzailea

Eur(o)en azoka egunak

Herriek, munduko kolore anitzetako herriek, gauzak beste modu batera egiteko ordua dela ozen esan behar dugu

Azken hamarkadetan mendebaldeko herrialdeetan izan den «hazkunde» ekonomikoak bere amaiera izan du. Amaiera hau, aurreikusten zen bezala, abiadura bizian zihoan tren bat errailetatik irtetea bezalakoa izan da, bortitza. Hala ere, bortitzagoa da hazkunde horren ondorioz, gizarte patriarkatuak sortu dituen desberdintasun, lehiakortasun eta erailketa guztiak. Erailketak bai, erailketak diogu, milaka eta milaka pertsonen zuzeneko zein zeharkako erailketak.

Zuzenekoak, sistema madarikatu honen «hazkundea» bermatzeko asmoz sorturiko eta bultzaturiko gerrengatik. Zeharkakoak, gizaki zein amalurraren eskubideen gainetik kapitala jarri delako. Merkatu librearen izenean, mundua bera txikitu eta milioika pertsonen etorkizuna zapuztu delako. Esklabotza bukatu dela behin eta berriz dioten berberek bultzatzen dute egungo esplotazioa. Merkatu librearen izenean ume, emakume eta txirotuen bizi baldintzak garaiko esklabotzaren antzekoak dira, euro baten truke bizi oso bat lanean. Hipokrisiaz beteriko mundu ilun honetan, koloredun gorbatak dituzten horiek, luxuzko jauregietan biltzen diren horiek dira eskuak zikinen dituztenak, beraien irribarre horiek argazkian ateratzen dituzten berberak. Kapitalismoa, txikitzailea da: kapitalismoak berak desberdintasunak, eta injustiziak dakartza, amaigabeko hazkunde eta esplotazioan oinarritzen baita. Lehiakortasuna, hazkuntza, abiadura eta desarrolismoa ezaugarri positiboak direla sinetsarazi digute gezurraren erreinuko jauntxoak direnek. Bitartean, guk, horren gainetik gizaki, herri eta amalurraren eskubideak zenbakien, lehiaren eta abiaduraren bidez neurtzen ez direla diogunok ez omen dakigu ezer. Ez omen dakigu zeintzuk diren gizartearen beharrak eta beti bezala ez garela herriak aukeratuak izan esango digute. Beraiek ordea, herriaren boza omen dira eta nahi dutena egiteko legitimatuak daude. Demokrazia liberala, itxura apaineko sagar ustela da, hiritarrek beraien gestio eta interes pertsonalerako ematen dugun txeke zuria.

Guk, herriak kolore anitzeko mundu batean ikusi nahi ditugunok interes kolektiboetan sinesten dugu. Jende eta herrien bizitza gerrate baten interesen ekonomiko estrategikoen gainetik daudela azpimarratu. Ez dago ez petrolio ez koltanik guda bat abiatzea merezi duenik. Diruaren gainetik gu gaudelako, gauzak beste modu batean egiten hasteko garaia delako. Irribarre faltsuko gorbatadun horiek sartu gaituzten krisialditik, ez gaituzte beraiek aterako.

Herriek, munduko kolore anitzetako herriek, gauzak beste modu batera egiteko ordua dela esan behar dugu ozen. Zuri-beltzeko, zementuzko mundu honetatik haratago gizaki, herri zein amalurraren eskubideak errespetatuko dituen mundu koloreduna nahi dugu. Horregatik, egun hauetan, Betleem-en elkarturiko Munduko Foro Sozialak mobilizaziorako egin zuen deialdiarekin bat egiten dugu, beste mundu bat sortzea ezinbestekoa delako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo