GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Erreferenduma? Parisek nahi duelarik!

Lerro politikoan, instituzioa eta hizkuntza, hauek dira jarraitu behar ditugun oinarriak, eta inguruan abertzale guztiak bildu, gizarte solidarioago bati buruz joanez gure ingurumena zainduz

Inarrosaldia. Inarrosaldia, azken egunetan hegoaldetik heldu zaigun haizearekin. Beti berriz hastekoa izaten da, ez da deus betiko irabazia izaten, bereziki iruzurrak egiten txapeldunak direnengandik. Euskal Herriko mapa ez omen da garrantzizkoa, garrantzia duena eguraldia omen. Zergatik, orduan, mapa aldatu? Sozialistak beti berdin, berdin, Euskal Herriari bizkar emateko prest. Eta gu beti haiekin joateko prest, zerbait aldatuko duten esperantzan. Gutxienik, gure inguruan ez dute eragin handirik, hemen UMPren bidetik doa autobusa, eta baliteke orain harreman berri batzuk agertzea, Bidasoaz bestaldean aurkituko dituzkete lagunak. Noski, bi estatuen arteko harremanen sendotzeko. Ah! Zer diskurtsoak botako dituzten hemendik goiti!

Beste bozkatze moldaketa iragan zen Mayotten ere, han erreferenduma antolatu baitzuten departamendua nahi zutenetz jakiteko. Munduaren beste puntu batean kokatua den uharteko biztanleei iritzia eskatu zieten. Komoreetako uharteek independentzia lortu zutenetik bertako egoera ekonomikoa ez da hobetu, eta nahiko miseria bizi behar izan dute. Parisen interesen alde estatu kolpea ere jasan behar izan zuten, uharte bakar bat frantsesen menpe gelditu zelarik. Nazio Batuen iritziaren aurka, Estatu frantsesak uhartean bere presentzia atxiki du, koloniaren egoera luzatuz.

Antolatua izan den azken erreferenduma hain legala denik ez du ematen, aditu batzuen iritziz. Parisek bertako egoera sozioekonomikoa baliatzen du bertan gelditzeko, eta galdeketaren bitartez legitimitatea frogatzeko. Kasu horretan, metodoa ontzat ematen dute, Parisek garatu behar duen politika bati erantzuten baitio. Ez dute azalpen konkreturik eskaintzen, baina Indiako ozeanoan baseen ukaiteak baduke zerikusirik munduan aldatzen ari diren indar harremanetan eta geopolitikan. Berriz ere, kasu horretan frogatzen dugu estatuak onargarritzat hartzen dituela egokitzeak, dituen proiektuei erantzuten dietenean. Mayotte departamendua bihurtzen da bertako hautesleek erabaki dutelako. Zinez demokratikoa! Batzuek diote gai horretaz metropolian ere bozkatu beharko litzatekeela egoera berriak kutxa publikotik dirutza igortzea ekarriko baitu. Hala balitz, baliteke Mayotte berehala independente geratzea, eta Komoreei lotua gelditzea. Ez litzateke hau Parisen gustukoa.

Ipar Euskal Herrirako Parisek ez du erreferendumik prestatzen, hemen menpekotasuna ukatzeari lotua geratzen da. Hainbeste aipatzen den hizkuntzarentzako legearen gauzatzea goaitatuko dugu ilusiorik gabe. Inbertsio seguruagoa dira Korrika, ikastola eta AEK euskararen iraupenerako. Krisi garaian oinarrietara itzultzea egokiena izaten da.

Lerro politikoan, instituzioa eta hizkuntza, hauek dira jarraitu behar ditugun oinarriak eta inguruan abertzale guztiak bildu, gizarte solidarioago bati buruz joanez gure ingurumena zainduz. Urrats handiak eman ditugu, baina erasoak oso bortitzak dira eta izanen dira, gure herri txiki honentzat. Gure herria txikia dela badakigu, baina AHTren aurkako mobilizazioetan dioten bezala, txikia izango da, baina ez dugu txikitzen utziko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo