«Oraindik ez dut sinetsi, eta sinesteko, parranda bat egitea izaten da onena»
Arabako bertsolari txapelduna
Agenda beteegia zuen Oihane Perea Arabako txapeldunak atzo. Txapela «bataiatu» nahi zuen lehenik, azken agurrean esan zuen moduan. Goizean lo pixka bat egin eta Korrikara zihoan. Agertokian bertan musuak batera eta bestera banatzen ari zela erantzun zien galdera hauei.
Joxean AGIRRE | GASTEIZ
«Pixka bat zorabiatuta nago. Ez dakit zer erantzungo dizudan», zioen besarkada batetik libratuta. Kantatu berriak zituen kartzelakoak. Jendea liluratu gabe agian, baina oso dotore jardun zuen arratsalde osoan. «Martxoak hogeita zortzi ta egunkarian barrena/ titular triste bat dago guztiz hunkitu nauena/ norbaitek gaur aurkitu du bere bidean azkena/ emakume izatearren, hori da gure kondena/ bakarren batek barruan eduki arren problema/ guztiak sentitu ditut nik amorrua ta pena (bis)», kantatua zuen lehenean. «Egunero gertatzen da holako hainbat istori/ gizontasunak ez dauka, antza, hainbat kategori/ behin eta berriro gara zulo berean erori/ eta gure askatasuna galtzear edo galzori/ genero indarkeria bakar-bakarrik da hori/ harropuzkeri galanta, maitasunaren hilobi (bis)», bigarrenean. Eta hirugarrenean, «Ta Gasteizen gertatu da, hemen bertan alafede/ batzuek pentsatzen dute direla etxeko errege/ eta alper-alperrik dira polizia eta lege/ bilakatu nahi gaituzte haien panpin ta titere/ aholkutxo bat badaukat ta egin nahi nuke nere/ ez dezagun permititu hitz zakar bakar bat ere (bis)». Txapela jantzi, eta senarrari eskaini zion azken agurrean: «Nahiz ta ez naizen kristaua, hau behar dut bataiatu/ zenbat Iñaki daude hemen, zuen eskua altxatu/ Mendiguren, bat zor dizut, iaztik ez zait ahaztu/ Olalde, ongi etorri, eta Viñaspre aupatu/ baina hau ez dut botako, hau behar dut etxeratu/ etxean daukadan haren ondoan nahi dut iltzatu/ nere lagunik onena, gure etxeko teilatu/ zu gabe nire bizitza ezin dut imajinatu», bota zuen.
Bi ikasle etorri zaizkizu txapela janztera. Zureak al ziren biak?
Bat zen nirea. Ezustekoa izan da. Bestea ere asko ezagutzen nuen. Txapela jarri didana nire ikaslea da, Aguraingo bertso eskolakoa, eta etorkizun handiko bertsolaria eta espero dut egunen batean nik berari jartzea.
Zein da azken agurrean aipatu duzun zure etxeko `teilatua'?
Nire gizona. Kartzelakoan gizonen kontra aritu naiz eta nahi nuen nirea aipatzea. Nire lehen txapela jantzi nuenean odolekoak aipatu nituen. Bera ez nuen aipatu eta zor niola uste dut.
Zenbat bigarren postu dituzu ibilbidean? Lauzpabost?
Ez ditut kontatu. Uste dut gehiago direla.
Zenbat irauten du txapelaren pozak?
Lehen txapelaren pozak urtebete iraun zidan.
Lurralde batzuetan txapelak bizimodua aldatzen du. Araban ez da horrenbeste izango?
Ez pentsa. Niri lehenengoak sekulako bultzada eman zidan. Komunikabideetan oihartzuna izan zuen eta hilabeteak iraun zuen kontu horrek. Espero dut bigarrena lasaiagoa izatea. Komunikabideak gurekin gogoratzea ondo dago, baina politagoa da saioak egiteko deitzea.
Nola ospatuko duzu txapela?
Gaur gauean parranda pixka bat egingo dugu. Oraindik ez dut sinetsi, eta sinesteko, parranda bat egin behar izaten da. Bihar eguerdian Korrikaren bukaerako ekitaldian kantatu behar dugu.
Eman diezaiogun errepaso bat finalari. Hasieran, zortziko nagusian, Viñasprerekin, primeran moldatu zarete, zu bost ume `bonboan' dituzula, esan duzun bezala.
Oso gustura. Zortziko nagusian askotan gai tristeak jartzen dituzte eta hau pareko gaia tokatu zaigu: aitatasuna, amatasuna, bost ume batera...
Otamendirekin egokitu zaizu zortziko txikian. Zu arte irakaslea zinen eta erakusketa batean ikaslearen eskultura jarri duzu.
Kontrako gaia tokatu zait, nolabait esateko: ikasleari lapurtu diot obra. Ez zait ofizioa gustatu, baina salbatu dudala uste dut. Otamendi ikusi dut ondo, kolpe ederrak emanez. Saio polita egin dugula uste dut.
Puntuak pilatzen joan zaren sentsazioa izango zenuen, erregular ibili baitzara.
Ez da hori nire bertute nagusia, ez da nire ezaugarria, baina gaur oso erregular ibili naizela uste dut eta txapela horrek eman didala uste dut. Gehiegi nabarmendu gabe, beharbada, baina akatsik ere egin gabe ibili naiz. Buruz burukora pasatu naizenean piztu egin naiz pixka bat.
Kartzelakoan oso zurea den gaia aukeratu duzu.
Bertsozale Elkartean batzar nagusian egunkaria utzi zidan norbaitek eta azalean zekarren Gasteizko hilketaren berri. Horri heldu diot, hurbila eta mingarria zelako.
Bai zu eta bai Asier ikusi zaituztegu taldeari erabat emanak, kideak etengabe animatuz.
Beharbada bai. Kezkatuta nengoen. Final on bat egitera etorri gara guztiok. Viñaspre nuen ondoan eta batzuetan aurpegi eroriz ikusten nuen.
«Nire lehen txapelak sekulako poza eman zidan eta sekulako bultzada. Komunikabideetan oihartzunak hilabeteak iraun zuen»