GARA > Idatzia > Kirolak > Errugbia

IGOERA FASEA

Hernanik eta Gernikak gorantzako bidean lehen urratsa eman dute

J.L. | DONOSTIA

Hernanik eta Gernikak Ohorezko Mailarako bidean lehen urratsa eman zuten atzo. Gipuzkoarrek irabazi egin zuten beren norgehiagoka, eta bizkaitarrek, berriz, berdindu egin zuten kanpoan.

Hernani etxean aritu zen, beste multzoko lehen sailkatuaren aurka, Portuense taldearen aurka. Gipuzkoarrek, ordea, itxura ona eman zuten, eta 17-14 irabazi zuten. Itzulerako partidarako tarte hori ez da handia, baina irabazita joango dira, eta horrek indarra eman behar die hernaniarrei, presioa andaluziarrentzat izango baita. Hurrengo partida ez da erraza izango, baina aldetxo horrek itxaropen handia emango die.

Gernikak, aldiz, 20-20 berdindu zuen Alcobendasen zelaian. Gernika izan zen lehen multzoko onena, eta bigarren multzoko bigarrenaren aurka jokatu beharko du kanporaketa hau. Norgehiagoka orekatua izan zen, eta irabazi ez arren, galdu ere ez zuen egin, eta itzulerakoa etxean dela kontuan hartuta, itxaropentsu izateko arrazoirik badute berde-beltzek. Itzuliko partidak apirilaren 19an jokatuko dituzte.

Lehen kanporaketa hau gaindituta ere, igoera ez du inork ziurtatuta izango. Bi irabazleek elkarren aurka jokatu beharko dute, eta kanporaketa hori bereganatzen duenak lortuko du datorren urtean Ohorezko Mailan aritzeko txartela.

Galtzen duenak ere izango du aukera, izan ere, Ohorezko Mailatik azkenekoa zuzenean jaisten da, baina azkenaurrekoak kanporaketa honetako finalistaren aurka jokatuko du igoera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo