GARA > Idatzia > > Kultura

CRíTICA rock

1970eko hamarkadako abestiek Kursaala bete zuen publikoaren oroitzapeneko kutxa ireki zuten

Kursaaleko aretoa lepo bete zen; 1970eko hamarkadan gertutik bizi izan zuten giroa antzematen zen. Hala, kuboak herriko plaza edota afalostea isla zezakeen, orduko berotasuna ere protagonista izan baitzen atzokoan.

Odeia AIESTARAN | DONOSTIA

«Zuri Jesus, zuri Estitxu, zuri Lurdes, zuri Imanol, zuri Mikel eta zuri Julen Lekuona». Horiexek izan ziren atzo iluntzean Donostiako Kursaal aretoan aditu ziren lehen hitzak. Antton Valverdek bota zituen, beste zazpi kantarirekin batera Gu Gira kantaldiko protagonista izan zenak. Eta lehen kanta, hain zuzen ere, Lekuonaren "Itsasoak urak handi" izan zen; lehen kanta, ondorengo bi ordu pasatxoetan giroa bor-bor jarri zuen sortatik.

Euskal kantagintzaren oroimena berreskuratu zuen atzoko saioak, 70. urteetako oroitzapena, hain zuzen ere. Aipatutako Valverdez gain, Gorka Knörr, Urko, Iñaki Eizmendi, Gontzal Mendibil, Niko Etxart, Txomin eta Urbil Artola eta Mixel Ducau izan ziren oholtza gainean. Euren kantaldiak trantsiziora garraiatu zituen bertaratutakoak baina, kasu honetan, saioa legez kanpo uzteko beldurrik izan gabe. Halere, aurkezpenean esan bezala, «Gora Euskadi Askatuta» eta gisako oihuak botatzea libre zen. Eta hala gertatuko zela zirudien momentu batzuetan, Kursaal aretoak herriko plaza edota afaloste bat irudikatzen baitzuen, esaterako, Gorka Knörr kantariak «Morts pour la patrie» abestu eta publikoak eurei emandako maitasuna eskertzean. Emozioen eguna izan zen eta Knörrek ere barru-barrutik bizi izan zuen oholtzara igo zeneko unea, erakutsi zuen emozio puntua barkatzeko eskatzeraino.

Publikoa parte-hartzaile

Niko Etxart eta Gontzal Mendibilen taularatzeak ere publikoaren txaloak jaso zituen eta «Bagare» abestiarekin, Kursaaleko eserlekuek uzten zuten toki apurraz baliatuz, publikoaren gorputza ere mugituz hasi zen. Etxartek gainera, horiek kanturako animatu, eta kantariek mikrofonoak utzi zituztenean, kantaldi osoko txalo zaparradarik handienetakoa jaso zuten.

Saioaren lehen zatia amaitzean, 1970eko hamarkadako giroa gogoratzen zuen bideoa ipini zuten. Garaiko komunikabideen esanak eta besteak beste, Lurdes Iriondo, Antton Valverde, Benito Lertxundi, Xabier Lete, Imanol, Mikel Laboa, Peio eta Pantxoa, Itoiz, Niko Etxart, Errobo eta Txomin Artolaren diskoen azalen irudiak ikusi ahal izan ziren.

Kantaldiaren bigarren zatia Iñaki Eizmendirekin hasi zen. Hapa Hapa taldeak lagunduta, «Ene maitea nauzu» abestu zuen. Beste behin ere, ordea, Gontzal Mendibil izan zen publikoa nolabait erotu zuena; «Kapitalismoak» abestiarekin ia zutitu egin baitzen areto osoa.

Momentu hunkigarririk ere izan zen, Txomin Artola bere seme Urbilekin oholtzara igo zenekoa, esaterako. Kostaldetik ekarritako abesti batekin ekin zioten lanari, «Txakurraren partia»rekin. Kantu hori Txomin Artolak aitarekin abesten zuen, eta atzokoan, berriz, semearekin azaltzeak, emozio puntua islatu zuen.

Orain gutxi zendutako Mikel Laboa ere gogoan izan zuten kantaldian, bereziki Niko Etxartek «Baga-biga-higa» abestean. Publikoa hura kantatzen ari zen bitartean, gainera, Laboaren irudiak ikusi ziren atzean ezarri zuten pantailan.

Saioko azken txanpan Mixel Ducauk, Niko Etxartekin batera, Errobiren «Aitarik ez dut» edota «Euskal Rock & Rollin» abestu zuen.

Halere, ez zen hor bukatu oroitzapenerako leihoa. Izan ere, hasieran iragarritako sorpresa ailegatu zen: guztiak taularatu eta «Errota zahar maitea» lehenik eta «Maiteak galde egin zautan» bigarrenik abestu baitzituzten.

Modu horretan, kantuen bidez, oroimenen kutxa zabaldu, sasoi bateko une biziak oroitu eta orduko sentipen eta sentsazioak Kursaaleko aretoraino garraiatu zituzten. Orduko euskaltzalearen taupadak berriz azkartu ziren atzokoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo