GARA > Idatzia > > Kultura

Maskarada eta pastorala, Zuberoako gazteak lotzen dituzten tradizioak

Barkoxe herriaren esku zen aurtengo maskaradak joan den igandean bukatu zuen Zuberoako herrietan zehar urtero egiten duen ibilbidea. Alozeko herria bestalde «Belagileen tragedia» izeneko pastorala ari da prestatzen uztailaren 26an estreinatzeko. Antzinako tradizioari eusten dioten bi adierazpideek Zuberoako gazteen artean arrakasta handia lortu dute azken urteotan; euskararen galtzearekin zuzenki lotuta dagoen fenomenoa da.

p050_f01_290x148.jpg

Idoia ERASO | MAULE

Gaur egungo gazte zuberotarren artean eguraldiari eta astronomiari loturiko ohitura zaharrekiko interes handia dago. Maskarada eta pastorala noiz sortu ziren ezin esan daiteke zehazki, baina XXI. mendean Zuberoak atxikitzen duen historiarekiko lotura Zuberoako gizartearen ezaugarri nagusietako bat da. «Egungo Xiberoan bada izugarrizko nahia pastorala eta maskarada egiteko, gosea sentitzen da gazteen artean», azaldu zuen eta lurraldeko ohituretan jakitun den Jean-Mixel Bedaxagar kantari ezagunak.

Joan den igandean Zuberoako itzulia bukatu zuen maskaradan parte hartu duen Joanes Etxebarriak argiki adierazi zuen bizitako esperientziagatiko poza: «Xiberotar guztiek izan beharko luketen esperientzia berezia da, merezi duen zerbait».

Gazteen parte hartzeak ohiturei eusten laguntzen duela uste bada ere, horrek ezkutatzen duen egoera ez da hain baikorra: «Beti izan da pastorala eta maskaradan parte hartzeko nahia, baina gure belaunaldia berezia da, euskara galtzen ari dela ikusten dugu eta kultura atxikitzeko modua da. Guk indar gehiago egin behar dugu gure gurasoek baino», aitortu zuen Joanes Etxeberriak. Bedaxagarrek euskararekiko lotura ere aipatu zuen: «Guk ez dugu ukan Gipuzkoa, Lapurdi edo Baxe Nafarroak zuten ofizialtasun hori, eta tradizio horiek izan dira gure hizkuntzaren eta kulturaren bitamina, horri esker atxiki da».

Aurrekontu handiek egitasmoen murrizketa dakarrela salatu nahi izan zuen kantari zuberotarrak, «momentuz bada konpetizio bat, urtero pastoral bakarra behar da jokatu, eta esaterako, Urdiñarbeko gazteek interes handia dute hori egiteko, baina 2016 arte ezin izango dute egin». Urtero pastoral bakarra taularatzea ez dela betiko tradizioa ere ekarri nahi izan zuen gogora, 1953an hiru pastoral izan zirela oroitarazi nahi izan zuen.

Fenomeno berri bat hasi omen da aurten pastoralaren inguruan, «ari-ariko aurrekontua egin dute, ez da gradarik egonen, lehengo Grezian bezala anfiteatro natural batean eginen da eta jendea lurrean eserita», azaldu zuen Bedaxagarrek.

Aurtengo pastoralerako errepikapenak irailean hasi ziren eta astero egiten dira Alozeko herrian. Hortan ere gazteen eta bereziki emakumeen parte hartzea handia da. Aurten andereak izango dira protagonistak 1609an Lapurdin izan ziren sorginen epaiketak eta hilketak baitira tratatuko den gaia. Jean-Michel Bedaxagarrek «Belagileen tragedia» lana laudatu zuen: «Ttittikak pastoral eder bat idatzi du, oso ongi idazten du xiberotarrez. Gain-gainetik idazten du».

Maskarada

Arrakasta handia bildu du Barkoxeko gazteek egin duten maskaradak; «asko entzun dugu oso polita zela», esan zuen Joanes Etxebarriak. Herrian dagoen dantza tradizioak duen garrantziarengatik izan daitekeela ere gaineratu zuen.

Diskurtsoa aski «goxoa» egitea beste arrazoietako bat izan daiteke. Herrietako berriak ematen dituen Kabanaren papera egin du Etxebarriak. «Erraten ziguten lehen Kabanaren diskurtsoa askoz bortitzagoa zela eta jende asko mindua izaten zen. Horregatik, orain zailagoa da herrietako berriak biltzea. Guk autozentsura gehiago egin dugu jendea ez mintzeko nahikeria genuelako».

Baina denak ez dira hain «goxoak» izan, maskarada Larrainera ailegatu zenean «hede-zuriekin», hau da poliziekin arazoak izan zituzten. Pailazoarena egiten duen «Pitxu» polizien auto batera sartu zen eta bozinari jotzen hasi zen, orduan «txakurrak arma atera eta mehatxatu egin zuen. Orain arte Pitxu beti errespetatua izan da, inauteri garaia izaki ulertua izan da, jokoa eta irri egiteko zela», esan zuen Kabanak. Ondoren, bertan behera gelditu zen emanaldia.

«Xiberotarrak»

Antzinako tradizio hauek Zuberoan besterik atxiki ez izanaren arrazoia horrela azaltzen du Bedaxagarrek: «Gu xiberotarrak gara, ez gara bertzeak bezalakoak, baina bertzeekin gara». Tradizioei loturiko ikusgarriak XX. mendearen hastapenean desagertu ziren Europako eta Euskal Herriko toki gehienetatik, baina euskaldunen herriko lurralde txikienean tradizio hauek «erresistentziaren seinale» gisa hartzen dituzte.

«Erlijioa baino antzinako tradizioak dira, Elizak hartu ditu aurretik ziren sinesmenak. Erromatarrak abilak dira, Bazkok adibidez badu ilargiarekin lotura, ekinozioaren ondoko lehen ilargi zuria da. Oso sinesmen zaharrak dira», jakinarazi zuen kantariak.

Maskarada «iñautia da, libertimendua» negua bukatu dela eta udaberriarekin bizi berria eta amodioa heldu direla ospatzeko egiten dena, eta jatorriko garaiarekin bat egiten segitzen du. Pastorala, aldiz, lehen Pazko garaian egiten zen, herriko mutilak mendietara artzain joan baino lehen.

Orain data egungo bizitzari moldatzeko aldatu egin da, mutilak ez dira gehiago mendira joaten eta udan jendea libreago dago ikustera joateko. «Nire aitaren garaian aste egunetan egiten zuten, igandean mezara joan behar zen, gaur egun hori ezin da», gogoratu zuen Bedaxagarrek.

egiteko gose

«Egungo Xiberoan bada izugarrizko nahia pastorala eta maskarada egiteko, gosea sentitzen da gazteen artean», azaldu du Bedaxagar kantariak. Joanes Etxebarria gaztearen hitzetan, «merezi duen zerbait da».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo