GARA > Idatzia > > Kultura

«Ekumenikoa zen pastoral horri ostikoa eman, eta ea eskandalua sortzen den»

p050_f02_125x128.jpg

Ttittika Rekalt

«Belagileen tragedia» pastoralaren idazlea

Alozen, uztailaren 26an aurkeztuko den aurtengo pastoralak Lapurdiko sorgin epaiketak ditu hizpide. Altzaiarra sortzez, Ttittika Rekaltek aurtengoa ez du idazten duen lehen pastorala, «Oiherkoren tragedia» obra esperimentala sortu baitzuen.

1609ko sorginen epaiketa eta erailketen gaiaren inguruan zein da «Belagileen tragedian» kontatzen duzuna?

De Lancre inkisidorea heldu aurretik hasten da, eta aipatzen da nolakoa den Lapurdiko errealitate sozio-ekonomiko eta politikoa. Errealitate ekonomikoari dagokionez, Lapurdi oso pobrea zen, nekazaritzak ez zuen inolako tokirik, itsasertzeko lurrak gaziak ziren eta ez ziren emankorrak nekazarientzat, horregatik gehien bat arrantzaz bizitzen ziren. Arrantza garaian sei eta zortzi hilabete pasatzen zituzten Lapurdiko gizon gehienek Ternuan balea edo bakailoaren arrantza egiten, eta tarte horretan emakumeak bakarrik gelditzen ziren eta beraiek bizitza nola antolatzen zuten aipatzen dut.

Politika mailan nolako gudak eman ziren Urtubiko jaunaren aurka, berak lur komunak eskuratu baitzituen eta nola oldartzeak izan ziren De Lancre etorri aurretik.

Bestalde, sorginkeriaren arazoak nolako saltsa eta nahasmena sortu zuen ere aipatzen dut, Elizak ere elikatu baitzuen hori. Garai horretan bazituen protestanteekin arazoak, kalbinismoaren garaia ere bazen eta judutarrak ere hor ziren. Euskal Herrian kristautasuna ez zen orain bezain garatua, sinesmen zaharrak baziren, Mari eta espirituak. Elizak horiek guztiak deabruaren eragin gisa erakutsi zituen eta heretikotzat pasatu zituen Erromako ildotik ez ziren guztiak.

Gaur egun Frantziako eta Espainiako estatuek aldarrikatzen duten demokrazia horren aurka dabiltzan guztiak terroristatzat hartzen dituzten bezala. Paralelismo hori agerrarazi nahi izan dut bertso artean, ez baitezpada argiki, baina irakurketa egin nahi duenak paralelotasun hori egiteko nahia badago. Garaian heretikoak, gaur terroristak, De Lancre izena kentzen badugu, erran genezake Baltasar Garzon eta Urtubi jauna kentzen badugu ezartzen ahal ditugu berrogeita hamar urtez Eusko Jaurlaritzaren gidaritza izan duten burges euskaldunak. Garaiko sorginak gaur dira euskaldun independentista edo autodeterminazioaren alde ari diren jendeak.

Beste paralelotasunik bada?

Garai horretan, baita gaur ere, emaztea gizonaren etsai gisa ikusia zen. De Lancre bere idatzietan harritua gelditzen da Lapurdira etortzean, hemen emakumeek zituzten askatasunez. De Lancre bidaiari handia izan zen, Europako gorteetan ibilia eta Lapurdira etorri zelarik harritua gelditu da emakumeen ausardiaz. Azpimarratzen du beste inon bezala emakumeak bazeukala edozein mutikorekin bizitzeko eskubidea nahi zuen denbora guztian ezkondu aurretik. Gorputzarekiko zuten askatasuna ere aipatzen du, ile luzeekin, sentsualitatea zeukala, begirada argia eta bizia, berak probokatzaile gisa egiten du irakurketa.

Hainbat anekdota ere tartekatzen ditu, esaterako, Lapurdiko arrantzaleak hurbiltzen zirenean Donibane Lohizuneko kaian emakume arrain saltzaileak biluzten zirela eta itsasora salto egiten zutela, zeren eta lehenik ailegatuko zen arrantzaleen barkura lehenik ailegatzen zenak negoziatzen baitzuen zein preziotan erosiko zen arraina.

Jaiaren inguruan ere mintzatzen da, akelarreak deabruarekin batzeko hitzordu gisa aipatzen ditu. Akelarreak gauetako bestak ziren, suaren inguruko jaiak, eta emakumeak dantzan aritzen ziren, gorputza libre suaren erdian. Badakitela landareekin aritzen, astralanak egiten dituztela eta umeei bizitza ematen.

Hizkuntzaren transmisioa egiten dutela aipatzen du, hizkuntza barbaro bat hitz egiten dutela, barbaroak direla euskaldunak. Euskarari buruz hizkuntza bitxia dela esaten du, garatua ez dena eta inork ulertzen ez duena, basoko hizkuntza balitz bezala aurkezten du. Denak deabruaren eraginez ari direla zioen, gaur egun ezagutuak diren sorginkeriako fantasia guztiak De Lancrek ditu teorizatu eta idatzi.

Nolakoa izan da pastorala idazteko

2006an izan genuen esperientzia bat, «Oiherko» izeneko pastorala, fikzio bat eta nolabait pastorala birbisitatzen zuena libreki, eta gero ohartu nintzen aurten Lapurdin izan zen De Lancreren bisitaren basakerien 400. urtemuga zela eta idatzi nuen zerbait. Aurkeztu nion Alozeko herriari nola egiten zituzten lanak, Jean-Louis Davantek proposatu zuen bat, Junes Casenavek beste bat eta nik ere bai, eta nirea aukeratu zuten.

Ikuspegi berezia eskaini duzu.

Bai, nabarmentzekoa da beste pastoraletan datu historikoak hartu eta horien berme idatzi dutela, eta nik beste manera batez hartu nahi izan dut. Egoera soziopolitikoa aztertu, eta hori bermetzat hartuz egin dut nire irakurketa.

Iraultza txiki bat egin duzu orduan.

Ez dakit iraultza den, niri iruditzen zait aspaldiko urte horietan pastorala Euskal herriko hitzordu ofizial gisa gelditu dela, baina pixkanaka-pixkanaka oso ekumeniko gelditu dela.

Nire ustez, pastorala beste edozein antzerki motaren parekoa da, nahiz eta forma oso berezia duen, eta gauzak esateko , salatzeko egindako antzerki bat da. Nolabait pastoralak paper hori bereganatu behar du. Hortan idazleak badu konpromiso handia. Idazleak ez du behar gelditu historiaren datu batzuk bata bestearen atzetik lerrokatzen, baina ausardia izan behar du aukeratu duen pertsonaia edo aukeratu duen garai baten irakurketa propioa egiteko, nahiz eta kritikak jaso, nahiz eta historialariak ados ez izan, eta publikoak eskandalutzat hartu. Nik hori egin nahi izan dut eta badira bertso gordinak, gogorrak, pornografikoak... Ostiko bat eman nahi izan diot ekumenikoa zen pastoral horri, sua bota eta ea eskandalua sortzen den hortik.

Aktoreekin lan egin nahi dut aholku batzuk emateko. Aurten giristi emakumeak dira protagonista nagusiak, eta emakume horien papera ez da ez negartia edo apala, orain arte bezala, beraien nortasuna defendatzen dute. Indartsu, kementsu ager daitezen nahi dut. Hainbat urtetan giristinoen papera apala zen, hori barneratua dago, nik harrotasuna beregana dezaten nahi dut.


 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo