Mikel Aramendi Kazetaria
Bide bazterrean geratu zirenak
Wen Jiabao egungo gobernuburuak 20 urte gutxiagorekin argazki historikoan jarraitzen du, manifestariei hitz egiten ari zaien Zhao Ziyangen atzean, haren laguntzaile estuena zelako orduan. Gertakarien ondoren, Zhaok bere kargua galdu zuen, baina Wenek gorantz jarraitu zuen
Hogei urte igaro dira Tiananmengo gertakarietatik eta, dirudienez, haiek berriro gogora ekartzeko gogo handirik ez du inork, ez han ez hemen. 1989ko apirilaren 15ean hil zen Hu Yaobang, Alderdi Komunistako idazkari orokor ohia, Deng Xiaopingen kutuna, bi urte lehenago aldendu bide ziren arte, esaten denez, abian zeuden erreformen norabidearen inguruan bat ez zetozelako. Hu-ren hiletak izan ziren ondorengo asteetako matxinadaren abiapuntua. Amaiera ekainaren 4an zertu zen, Armadako tanke eta soldaduek plazan zeuden gazteak zukutu zituztenean, mundu osoa asaldaraziz. Sei hilabete geroago eroriko zen Berlingo Harresia eta batzuek amaitutzat ematen zuten historia inoiz baino bizkorrago mugitzen hasiko zen. Balantzetxo bat egiteko abagune aproposa litzateke, ezta?
Beijingeko Gobernuaren kasuan, haatik, ulertzekoa ere bada Tiananmengo jazoera gogoratu nahi ez izatea, ez baitauka zer irabazi. Batez ere gertaera haiek epaitzeko orduan egungo agintarien artean erabateko adostasunik ez dagoela jakina denean. Eta horrexegatik, agidanez, egin zioten muzin Alderdiaren 17. Kongresuan ere haren balorazioa berraztertzeari, lehentxeago Hu Yaobang eta Zhao Ziyang idazkari orokor ohiak birgaitzeko urratsak eman baziren ere. Baina bere garaian Zhou Enlairi Frantziako Iraultza buruzko balorazioa eskatu zitzaionean erantzun zuena bururatu bide zitzaien egungo Laugarren Belaunaldiko agintariei: «Goizegi da ezer esateko».
Esapidea zertxobait aldatu eta «hurbilegi gaude ezer esateko» batean utziko bagenu, gainera, egiaren oso antzekoa litzateke, seguru asko. Batez ere Wen Jiabao egungo gobernuburuaren kasuan. 20 urte gutxiagorekin argazki historikoan jarraitzen baitu, manifestariei hitz egiten ari zaien Zhao Ziyangen atzean, haren laguntzaile estuena zelako orduan. Gertakarien ondoren, Zhaok bere kargua galdu zuen (baina ia beste ezer ez), krisia gaizki kudeatzeagatik; baina Wenek gorantz jarraitu zuen, goreneraino helduz.
Gehien-gehienbat gazte unibertsitarioek osatu zuten matxinada haren buruak ere nahiko ondo atera ziren hartatik, Txinako usadioetarako. Kartzelan aldi bat eman zuten batzuek, baina hori ere ez beste zenbaitek. Noski, bizirik geratu zirenen patua izan zen hori, ez plazan eta ingurumarietan hildakoena. Sekula ez da argitu zenbat eta zein izan ziren, eta oso zifra ezberdinak (milakakoak, batzuetan; ehunkakoak, landuenetan) dantzatu dira. Bide bazterrean betiko geratzea suertatu zitzaien nonbait.
Izan ere, guztiaren sorburuan ipin genezakeen Hu Yaobangen biografian bazen bereizgarri deigarri bat: aurrez-aurre zuela heriotzari hiru bider ihes egin ziola. Lehenbizi, Ibilaldi Luzearen hastapenetan, oso larri zaurituta medikuek bide bazterrean hiltzear utzi zutenean, bere adiskide min batek aurkitu, eraman eta sendatu zenean; bigarren, gerraburu etsai batek atxilotu eta exekuzio hormatik atera zutenean; eta hirugarren, Iraultza Kulturalean.
Oso bestelako zortearekin jaiotakoak ziren nonbait Tiananmengo matxinadan parte hartu zuten langile bakanak. Haiek izan ziren ondorengo errepresioak urkamendira bidali zituen bakarrak.