GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Ortzi Idoate Batasuneko militantea

Intsumisioaren urteurrenean, Euskal Herriak berriz ere NATOri ez!

NATOrekin arma industriak irabazten du, Mendebaldeko kapitalak. Galtzaileak, ordea, munduko herriak dira, «sufritzen duten herriak» Herri gisa eta duintasun osoz erantzun diogu azken hamarkadetan NATOri eta militarismoari

Hilabete honen hastapenean gauzatu da formalki Estatu frantsesaren itzulia NATOra, Estrasburgon eta Kehlen izan diren bilkuretan. Zehazkiago, Frantziak «structure militaire intégrée» osatuko du, hau da, defentsa planen batzordea, batzorde militarra eta nazioarteko estatu nagusia.

NATO 1949an izan zen sortua, Mundu Gerraren ostean marrazten hasia zen blokeen arteko testuinguruan. Sortzaileetariko bat izan zen Frantzia, beste 11 estaturekin batera. Hastapenetik AEBen irizpide eta interes estrategikoen pean aritu den «aliantza» izan da.

Frantziako presidente De Gaulle jaunak 1966ko martxoaren 7an egindako diskurtso batean agertu zuen NATO uzteko asmoa eta erabakia. Blokeen arteko pultsuaren testuinguruan, nonbait, Frantziarren independentzia bermatzea zuen helburu nagusi.

Hala ere, Mitterrandek eta Chiracek, 90eko hamarkadan zehar, Frantziaren birsartze progresiboa bultzatu zuten. Azken hamabost urte hauetan Frantziaren inplikazio gero eta handiagoa ikusi dugu nazioarteko hainbat gatazkatan NATOrekin batera: Serbia, Afganistan, Kosovo... Egun, NATOk dituen 38 batzordeetatik, 36tako kidea da Frantzia, eta laugarren estatua da soldadu eta diru kopuruari dagokionez.

Beraz, orain emandako urratsa betetzeko falta zen azken formalismoa besterik ez da izan. Sarkozyren programa politikoan bildua zen urratsa («Guide des reformes et des mesures 2007-2008»). Programa horretan, «Frantsesa izatearen harrotasuna berreskuratu» kapituluan, helburuen artean hauek aipatzen ziren: Frantzia Europaren bihotzean birkokatzea; Frantzia motore gisa agertzea nazioarteko antzezlekuan.

Sarkozyk urratsaren zentzua garbi utzi du : «NATOren sortzaileetariko bat da Frantzia, eta horregatik ez dugu inoiz utzi Aliantza, gure familia baita».

Nazioartean «adiskidetzearen diplomazia» da Frantziak aldarrikatzen duena. «Frantzia sufritzen duten herrien aliatua da», dio Sarkozyren politikaren gidak. Alta, sartze erabaki honekin, ez da hipokrisiarentzako tokirik. Frantziak «erabakien gainean eragina izanen du», baina batez ere, Frantziako arma industriak etekin handiagoak izateko parada du, NATOren eta Europako defentsa sistemaren garapenaren testuinguruan.

NATOrekin arma industriak irabazten du, Mendebaldeko kapitalak. Galtzaileak, ordea, munduko herriak dira, «sufritzen duten herriak». Eta hauekin batera guztiz baztertua eta eragiteko gaitasunik gabe geratzen den NBE eta bere Segurtasun Kontseilua. NATOren garapenarekin herriak, demokrazia eta askatasuna dira galtzaile, baita hemen ere.

NATOk ez dio utzi Europako erabaki gune estrategikoan AEBen tresna izateari. Sufritzen duten herriak ikusi ditugu hamarkada hauetan eraginpeko eremuan, baina NATO ez da inoiz hor egon defendatzeko. NATOk gerra eta inposizio tresna izaten segitzen du, eta ehundaka hildako eragiten ditu urte guztiz munduan zehar. Frantziak, publikoki, gardenki, horren parte aktibo dela aitortu besterik ez du egin orain.

Euskal Herria sufritzen duten herri horietako bat da, Europako bihotzean kokatua. Aski ongi dakigu zer den Frantzia zein Espainiaren «defentsa politika» edota NATOren praktika inperialista. Tamalez, askotan gure lurraldeetan prestatzen dira eraso militar anitz (Baionan, Bardeetan...).

Herri gisa eta duintasun osoz erantzun diogu azken hamarkadetan NATOri eta militarismoari. Guztion buruetan da 80ko hamarkadan Hego Euskal Herriak NATOn sartzeari buruzko erreferendumean eman zuen ezezko argi eta borobila. Baita 90eko hamarkadan zehar intsumisioaren aldeko mugimenduak izan zuen arrakasta eta dimentsioa. Azken urteetan ere, AEBen eta NATOren eskutik ezagutu ditugun gerren kontrako mobilizazioak ez dira makalak izan, eta gure elkartasun internazionalista agerian utzi dute.

Herrien eta langileen Europa nahi dugu, eta eskubideen, errespetuaren eta elkarlanaren Europa eta munduaren alde egiten dugu. Euskal Herriak eta munduko beste herri guztiek ez dugu NATO bezalako aliantza militarren beharrik.

Sarkozyk eman duen urratsa okerreko norabidean emandakoa da, berriz ere. Eta Euskal Herriak argi eta ozen erraten du ez duela onartzen, eta erabakitzeko gaitasuna behar duela eskuratu horrelako tokietatik fite ateratzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo