Laura Mintegi idazlea
Senideen begiradak
Definigaitza zaidan sentsazioa nozitu izan dut beti presoen senideen agerraldiak ikusi ditudanean. Irudi tristea ematen dute. Tristea zentzu zabalenean. Ez da politikarien edo sindikalisten agerraldietako irudi triste eta kamutsa, diskurtso ikasiek eta ezagun-ezagunek ematen duten sentsazio ahitua. Ez, ez da hori.
Senideen agerraldiak trinkoak eta hitz gutxikoak izaten dira, eta mezua ez dute hitzen bidez adierazten. Begiradak mintzatzen dira. Ikusten zaie hitzak labur gelditzen zaizkiela bizi duten bizi-esperientzia adierazteko. Kontzienteak ei dira ezin dutela ahoz espresatu esateko duten guztia. Hiztegiak ez du hitzik euren bizipena, euren bizi-pena esplikatzeko. Eta gainera, bihotzean metatzen zaizkien sentipen guztiak azaltzea lortuko balute ere, badakite euren hitzek ez dutela egoera aldatzeko behar besteko indarrik.
Etsipena sumatzen da. Baina ez da amore eman duenaren etsipena, ezta hurrik eman ere, ez dutelako amore emateko asmorik (nola eman amore etxekoekin?). Etsipena da, badakitelako euren presoak borondateak suntsitzeko tresna politikoa direla. Estrategia ez da berria. Gerra guztietan erabili izan dira familiakoak borrokan ari zirenak makurtzeko, Grezia zaharreko gerretatik hasita Balkanetako gerrara arte.
Alferrik baina. Uste izan dutenek familiak makurraraziz ekintzaileak ere makurraraziko dituztela tiroa erratu dute. Ez dute neurtu zenbaterainokoa den indartsua gurasoen eta seme-alaben arteko lokarria.
Triste dute begirada senideek, hondorik gabeko amildegi ilunean galtzen den begirada. Baina ez dituzte presoak bakarrik utziko, barrena hitzetan azaltzea ezinezkoa suertatzen bazaie ere.