«Hondakinen Legea Gasteizko Legebiltzarrean eztabaidatuko da»
Larunbatean manifestazio jendetsua egin nahi dute alternatibak abian jartzeko eskatzeko. Hondakinen Legea Legebiltzarrean eztabaida dadin buru-belarri aritu dira sinadurak batzen. Oraindik ere guztiak jasotzeko eta zenbatzeko dituzte, baina argi dute Gasteizko Ganberan eztabaidatuko dela.
Maider EIZMENDI |
Usurbilgo esperientziak «aldarrikapen bat martxan dagoen eredu» bihurtu du. Horregatik dio inoiz baino argiago, bere ustean, «errausketa aukera bat besterik ez» dela. Hain zuzen ere, sistema hau alboratu eta gaikako bilketa intentsiboa bultzatzen duen legea bultzatu du Koordinadorak, eta hau Gasteizko Legebiltzarrean eztabaida dadin sinadurak bildu ditu. 30.000 behar zituzten eta oraindik ere bilketa lanetan ari badira ere, oso balantze positiboa egin dute.
Lan mardula egin duzue azken hiru hilabeteetan legea babesteko sinadurak biltzen. Emaitza ona izan al du lan horrek?
Gure balorazioa oso oso ona da, batez ere, jendeak eman digun babesa handia izan delako. Zailtasun ugari izan ditugu eta sinadura emateko herritarrak gure bila ere ibili dira. Zerbait egin beharra dagoela jabetu dira, sumatu dute administrazioak ihesbidean ari direla eta hauek arduratsuago jokatzea nahi dutela. Bestalde sindikatu eta talde ekologisten aldetik jaso dugun laguntza izugarria izan da.
Zuen legearen oinarrietako bat errausketaren aurkako konpromisoa da.
Bai, lege konplexua da, baina laburbilduz esan daiteke oinarrian errausketa baztertu egiten duela hondakinak kudeatzeko sistema gisa. Halaber, gaikako bilketa intentsiboa, hau da, hondakin organikoaren bilketa aintzat hartzen duena, proposatzen du, baina herri guztietan.
Katalunian bada gisa honetako legea eta emaitza onak lortu ditu gainera.
Kataluniako legea «kutsatzen duenak ordaintzen du» printzipioan oinarrituta dago. Zabortegira eta batez ere erraustegira doan zaborrari zerga ezartzen die, horien tratamendua garestia delako. Aldiz, hobetsi egiten du konpostatzea, tratamendurik behar ez duelako eta kutsatzen ez duelako. Gure lege proposamena Kataluniakoan oinarritua dago. Udalak nolabait behartu egin behar dira, zaborraren arazoa ez baita batzuen arazoa bakarrik; udalerri guztiek eta udalerri guztietako biztanleek egin behar diogu aurre modu arduratsuan. Atez ateko sistema oso erraza da birziklatu nahi duenarentzat, eta zaila, aldiz, birziklatu nahi ez duenarentzat. Egungo sistema justu kontrakoa da, erraza birziklatu nahi ez duenarentzat, errefusa botatzeko edukiontziak non-nahi daudelako, eta zaila nahi duenarentzat, birziklatze edukiontzien bila aritu behar baitu.
Usurbilek, gainera, egingarria dela erakutsi du.
Usurbilgo esperientziarekin, guk EAErako nahi dugun sistema martxan ikusi dugu eta guretzat oso garrantzitsua izan da. Lehen ere bagenekien ez zela utopia milioika herritarrei jasotzen zaielako sistema honen bidez zaborra. Europan ere kasu ugari daude, udalerri handietan eta topologia bertikaleko etxebizitza bloke handietan.
Legea Legebiltzarrean eztabaidatuko dela ziur zaudete, baina han zer gerta liteke?
Jakina da egun Legebiltzarrean gabezia demokratiko bat dagoela eta horrek eztabaida baldintzatuko du. Gu ziur gaude proposatzen duguna aurrera eraman daitekeela eta interesgarria dela gure ingurumen eta osasunerako. Ez dakigu alderdiek zein jarrera hartuko duten. Lege proposamena aurkeztu genuenean, jarrera baikorra agertu zuten, baina aztertu behar zutela esan ziguten. Gure asmoa alderdiekin biltzea da eta euren adostasuna lortzea. Legea bere osotasunean aurrera ateratzen bada, oso interesgarria izango da EAErentzat, eredu izango baita zabor kudeaketan.
Larunbaterako manifestazioa antolatu duzue Donostian, zein izango da mezua?
Usurbilgo esperientziarekin aldarrikapen bat martxan dagoen eredu bihurtu da, eta nahi duguna da horrelako sistemak zabaltzea. Inoiz baino argiago dago erraustegiarena ez dela behar erreala, aukera bat baizik. Gure apustua zaborrari tratamendu egokia eman eta birziklatzea hobesten duen sistema martxan jartzea da. Horregatik, inoiz baino ozenago esango diegu administrazioei: «Alternatibak badaudelako, alternatibak martxan jarri». Legeak bere bidea jarraituko du eta saiatuko gara dagoen bezala onar dadin, baina, hala ere, administrazioari behin eta berriz esan behar diogu alternatibak zabaltzeko.
«Gure asmoa alderdi guztiekin biltzea da eta guztien adostasuna lortzea, legea bere osotasunean onar dadin lortzeko»
«Inoiz baino ozenago esango diegu administrazioei: `Alternatibak badaudelako, alternatibak martxan jarri'»