GARA > Idatzia > > Ekonomia

Legazpiko hamaika enpresatako langileek manifestazioa antolatu dute ostiralerako

A.ZURUTUZA |

Legazpiko hamaika enpresatako langileek manifestazioa antolatu dute ostiralerako, 19.00etan, «oparoaldietan gutxi batzuen mesederako den eta krisialdietan langileei sufriarazten dien sistemarekin» ados ez daudela adierazteko. Atzo, prentsa agerraldian adierazi zutenez, «urte gogorra» bizi dute Legazpiko langileek. «Enpresa guztiek oro har, baina batez ere enpresa multinazional handiek, Sidenor eta Cie Automotive kasu, azken urteetan izugarrizko irabaziak izan dituzte, eta orain, langileon aurkako neurriak hartzen ari dira, lanpostuen suntsiketa ardatz hartuta», adierazi zuten. Enpresa asko izan dira gainera enplegua erregulatzeko espedienteak aurkeztu dituztenak, GKN-FPL, TTT Ejes, Zorrotz, SFP, Construcciones Metalicas Urretxu, Plasnor, Goiber eta Hirurbe. Baleike enpresan kaleratzeak ere izan dituzte eta «krisiaren aitzakiaz eduki murritzeko hitzarmenak negoziatu nahi dira, adibidez Bellota enpresan».

Egoera honen aurrean krisi hau kapital metaketa neurrigabeak, aberastasun banaketa ezak eta bankuen espekulazioak eragin duela salatu zuten, eta «gobernuek eta administrazioak, urte hauetan guztietan egoera hau onartu eta baimendu» dutela, eta orain ez direla krisiari irtenbide bat bilatzeko gai, «ez baitute krisia sortu duen sistema zalantzan jartzen». Hala, instituzioei enplegua mantentzeko eskaera egin zieten eta «guztion mesederako gobernatu dezatela, ez gutxiengo sozial baten alde, enpresarien alde».

Bihar, bestalde, ELAk deituta manifestazioa egingo dute Basaurin enplegua defendatzeko eta gobernuen politika sozialak salatzeko. Bertan izango dira eskualdean arazo ekonomikoak dituzten enpresa askotako ordezkari eta langileak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo